7 arrazoi argudiatzen dituzte irakasleen eta hezkuntza beste hainbat langileren greba aurrera eramateko. Denera 5 greba egun izango dira (martxoak 25, 26 eta 27, zein apirilak 1 eta 2). AHEk baieztatu du egun horietan “ez dela klaserik egongo eta zerbitzu minimoak soilik egongo direla”.
Argazkiak: AHE.
Hezkuntza Publikoko greba zikloarekin bat egin du Arrasate Herri Eskolak, ondorengo arrazoiak argudiatuta:
“Hezkuntza publikoko langileok kalitatezko euskal hezkuntza publikoaren aldeko mobilizazioekin jarraituko dugu eta, idatzi honen bitartez, greba hauen arrazoiak azaldu nahi dizkizuegu, kokoteraino baikaude Hezkuntza Sailaren zein komunikabide desberdinen zurikeria eta gezurrez.
1.- Egungo burokrazia-lana ikaragarri handia da eta ito egiten gaitu. Denbora baliotsua kentzen digu materiala prestatu zein ikasleen askotariko beharrei behar bezala erantzuteko.
- Geroz eta dokumentu eta protokolo gehiago betetzera behartzen gaituzte baina horiek era egokian betetzeko baliabiderik eman gabe.
2.- Hezkuntza Sailak (H.S. aurrerantzean) eskoletako egunerokotasunean eragin zuzena duten erabakiak hartzen ditu aldebakarrez, langileon iritziak kontuan hartu gabe. Aldaketak ezartzen dituenean, ordea, ez ditu irizpide zehatzak ematen eta hezkuntza noraezean dagoela sentitzen dugu: ZER egin behar dugun esaten digu, NOLA egin behar dugun azaldu gabe. Ondorioz, eskola bakoitzak berea egin behar du eta horrek ikasleen berdintasun eskubidea urratzen du.
- Azpimarratzekoa da hain garrantzitsua den ebaluazio sistema aldatu duela azken urtetan. Sistema goitik behera aldatu badute ere, ebaluazioaren irizpideak irakasleok zehaztera behartuta gaude. Horrek guztiak ikaragarrizko ziurtasun eza sortzen digu.
- Gainera, argitaletxeen lana egiten gaude (horretarako formakuntza egoki zein denbora gehiago izan gabe), ikasleek behar duten arretarako denbora kenduz.
3.- Aurrekoarekin lotuta, urteak daramatza aldebakarrez eskoletako formakuntzak ezartzen. Ikasleei erantzun integrala emateko behar beharrezkoak ditugun formakuntzak eskoletako errealitateen arabera ezarri beharrean, hau da, eskolek beraiek zer behar duten erabaki beharrean, H.S.k zehazten du zer egin. Maiz, gainera, dirulaguntza desberdinak lortzeko helburu hutsarekin (azken urteetako Curridigi famatua, adibidez).
4.- Ordezkapenen kudeaketa eskasa da eta maizegi, ordezko irakasle gabe gaude eskoletan. Ondorioz beste irakasleok kubritu behar ditugu bajak eta horrek prestaketa zein ikasleen arretarako dugun denbora laburra are eta gehiago laburtzen digu.
- Ordezko irakasleek titularren ardura bera duten aldetik ezin dira 2. mailako irakasletzat hartu. Ordezkoen araudia eguneratu eta eskubide berak ezartzea funtsezkoa da.
5.- Ezinbestekoa da irakasle zein langile gehiago egotea eta, era berean, gela bakoitzean ikasle gutxiago egotea. Hori izango baita ikasle bakoitzaren beharrei modu eraginkorrean erantzun ahal izateko aukera bakarra.
6.- Ikasle bakoitzaren beharrei modu integralean erantzuteko, eskoletan bestelako langileak ere beharrezkoak dira: psikologoak, gizarte langileak edota erizainak. Gainera, ikas-komunitatea osatzen duten beste eragileekin harremana ohikoagoa izatea beharrezkoa da.
7.- Gure lana oso zorrotza da eta ikasleei behar bezalako arreta emateko gazteberritze-plan egoki bat ezinbestekoa da. Nork imajina dezake bere burua 64 urterekin, 7 urteko 23 ikasleko gela baten erritmoa aurrera eramaten?
Aipatutakoak gure eskarien zergatien adibide batzuk besterik ez dira baina argi dago grebara ateratzeko arrazoiak ez direla ekonomikoak soilik, komunikabide batzuek sinestarazi nahi duten bezala.
Gure lan baldintzak hobetu nahi ditugu, Euskal Herriko etorkizuna izango diren haurrei, zuen seme-alabei, merezi duten kalitatezko hezkuntza eman ahal izateko”.
Testuinguru horretan, AHEko klaustroko kideek bozketa egin dute oraintsu, eta bozken %86 grebaren aldekoa izan da.
Ondorioz, herenegun, atzo eta gaur (martxoaren 27an) “ez dago klaserik” Erguin, Bedoñabe eta Musakolako guneetan. Ezta egongo apirilaren 1ean eta 2an ere.
Halaber, aipatutako bost egunetan “zerbitzu minimoak soilik egongo dira”. Greba egun hauek helburu dute garbiketako langileen, sukaldaritzako langileen eta irakasleen baldintzak hobetzea.




