Kiroldegiaz iruzur? [Testua: Eneko Fernandez Ortiz de Luzuriaga]

7
1586

Irudia: Ezketa-Udala.

Arrasateko Kirol-azpiegituren Mapa delako parte-hartze honek zer pentsa ematen dit. Duela 4 urte, ilusioz betetako udal zinegotzia nintzela, Arrasaten Kirolaren Plan Estrategikoa egin zuen enpresak lanketa hau bera egitea gomendatu zion Udalari, plana borobiltzeko martxan jarritako lantalde eta organoak baliatzea gomendatuz. “Pentsatu herri osoan eta ez prezipitatu Kiroldegiarekin” zioten. Izan ere, Plan Estrategikoak berak azaleratu zituen hutsuneak, esate baterako, deszentralizazioaren demanda, horregatik 2018an behin eta berriz eskatu genuen Udaletxean, ondo lantzea zer nolako instalakuntza eta zerbitzuak behar zituen herriak. Baina, Udal Gobernuak lanketari uko eginez aurrera egin zuen hainbat arlotan kirol plan estrategiko horrekin bat ez zetorren kiroldegi aurreproiektu bat enkargatuz. Estrategikoa izan bazelako, ordea, hauteskundeei begira. Helburu garbia zutelakoan nago, lehenbizi, hauteskundeak irabaztea, eta gero gerokoak… norabide zuzenketa hau, alegia.

Orain bai, kirol-azpiegitura maparen lanketa hau aurkezten digute, eta oso beharrezkoa izanik ere, iruzur bat tapatzera ote dator? Izan ere, herritarrok behar ditugun instalakuntzak eta zerbitzuak hobetzeko eztabaida 4 urtez atzeratu dute. Eta garrantzitsuena, Udal Gobernuak egingo ez duen kiroldegi batekin hauteskundeak irabazi al zituen? (ziur nago faktore erabakigarria izan zela). Honenbestez, Marina d’Or Kiroldegiaren aurreproiektua guztion diruarekin ordaindu genien hauteskunde kanpaina biribila izan ote den galdetzen dut.

Gakoa, aurreproiektu batek dagoeneko espazioak eta erabilerak definitzen dituela da. Eta iragarri duten parte-hartze prozesu berri honen ondoren, hori guztia berriz definitu beharko delakoan nago. Hau da, aurreproiektu hark ez zuen hauteskundeetarako kenduta, beste ezertarako balio, ezta diru-laguntzak eskatzeko ere, ez baitzen horretarako epea. Konkretuki eta adibide bat jarriz, herritarrek eta klubek lanketa honetan Iturripen 2. kantxa bat eraikitzea lehenesten badute, zer zentzu dauka, dirutza bat gastatuz, aurreproiektuak dioen bezala ondo dauden padel eta teniseko pistak eraitsi eta apur bat desplazatuta berriz eraikitzeak, azkenik Musakolan 2. kantxarako espazioa sortu behar ez bada?
Lehenengo azpiegituren lanketa egin, eta gero, aurreproiektua enkargatzea, hori zen zentzuzko jokabidea, zintzoa. Aurreproiektua ez dela proiektu definitiboa esango dute… baina zein argiak diren, e? Maketa alderdiaren diruarekin enkargatu izan balute akaso, onargarria litzateke arkitektoari eman zizkioten irizpideak Udaleko Kirol Organoetan eztabaidatu edo gutxienez azaldu ez izana. Benetan lotsagarria eta pertsonalki etsigarria izan baitzen pasarte hura. Orain bai, lanketa honekin norabidea zuzentzera datoz, jakin badakitelako herriak bestelako beharrak dituela. Igerileku guztiz ludikodun 30 milioiko euroko kiroldegia ez da behar duguna, ezta?

Bestalde, pandemiak konfirmatu digunez, etorkizuna ez da kirol antolatua bakarrik, besteak beste, parkour, pumptrack, bidegorri, oinezko edota mendi bizikleta ibilbideak inoiz baino gehiago demandatuak dira. Kiroldegi barrukoa eta antolatua zainduz, naturan eta auzoetan egiten dena guztiontzat eskuragarriagoa eta merkeagoa dela gogoraraztea tokatzen da. Hain justu, etorkizuneko kirol zerbitzua hipotekatuko lukeen maketa (iruzur?) hark ahaztu zuena.

Arrasatek, obra faraonikorik gabe eta neurrikoa den kiroldegi berri eta txukuna behar duela uste dut, baina deszentralizatutako azpiegitura sare baten barruan. Ahal bada, Iturripen sendo inbertituz adibidez, inguruko auzoak aberastu eta desplazamenduak minimizatzeko.

Bukatzeko, kirola aisialdiaz gain, osasuna eta hezkuntza ere badela gogoratuz… iragarritako parte-hartze prozesu honetan parte hartuko ote dute hezkuntza eta osasun eragileek, aniztasun eta berdintasun udal teknikariek? Plan estrategikoak alor askotako hutsuneak azaleratu baitzituen, eta kirol azpiegiturak, zerbitzu askoren oinarri izan daitezke.

7 IRUZKIN

  1. “Jaiotzak % 12,5 jaitsi ziren 2021eko lehen hiruhilekoan EAEn (Eustat)”.

    Agian kiroldegia hainditu beharrean txikitu egin beharko dugu!!

  2. Eneko, 6 urtetan porlanean arrasatetarron 30.000.000 € xahutu dituzten porlanzale hauei zer ari zara proposatzen? Musakolan 30 miloi gastatu beharrean, 15 miloi gastatzeko ta beste 15 miloiak Iturripen? 30 miloi porlanean??? Ba pentzau bez!!

  3. Gabon, hau da arrasateko kirolari buzuz irakurri entzun dudan ausnarketa interesgarriena.
    Kirol instalakuntza eta zerbitzuen erabiltzaile bezala guztiz ados zurekin Eneko.

  4. Barregarria da herritar baten proposamena udal teknikari, langile, politiko etb en proposamena baino logiko, zentzudun eta interesgarriagoa izatea. Nora begira dago udala?

  5. Baina Eneko zergatik dago ” haserre” ? Kirolaren Plan estrategikoa egin zuen enpresaren aholkuak ez zirelako aintzat hartu? Azkenean adituen polidiktadura batean bizi gara. Kirola gainbaloratuta dago: instalakuntzak egiten dira baina gero ez dira erabiltzen. Frontoian diru pilo bat xahutu zuten baina ez du erabiltzailerik. Hauuteskundeak irabazteko agindutako Marina d’ Or- ek ere ez dauka zentzurik ur txorroen parkeekin. Kiroldegiko erabiltzaileak ere izugarri gutxitu dira pandemiagatik. Udaleko kirol instalazioen gastu energetikoa demasakoa izango da: ur txorroten parkeena, Iturripeko ura berotzeko sistema, Musakolako kiroldegiko piszina. Justoagos litzateke instalazio guzti horiek pribatizatzea eta erabiltzaileek ordaintzea sortzen dituzten gastu guztiak. Injustua da luxu horiek gainontzekook pagatzea.

  6. Eta auzo bakoitzean kiroldegibat egitea da eginkizun zuzenena? Ori da ekologistak proposatzen duena?
    Or daukagu mendi ederrak oinez ibiltzeko ,baita ere bideak bizikletakin,eta frontoiak alperrik galtzen. Ur putzu bat nahikoa liteke bainu bat hartzeko. Guk Zerrajerako presan hartzen geuen
    eta ez geuen gehiago behar.

Utzi erantzuna Txomin(r)i Erantzuna bertan behera

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen