Kirola, elikadura, musika,… izango dira Pertsona Nagusien Aste irekian

0
719

Antolakuntzan zenbait eragilek parte hartu dute, eta ekitaldiak oro har herritar guztientzat irekiak izango dira. Datorren astelehenetik zapatura gaurkotasunezko mahai-ingurua, liburu baten aurkezpena, azokatxoa,… izango dira.

Kartela: Ibai-Arte.

Arrasateko Pertsona Nagusien Astearen egitaraua aurkeztu dute gaur arratsaldean Kulturaten, eta antolatzaileak prentsaurrekoan izan dira [goiko argazkian, ezkerretik hasita]:

  • Bastida Akademia
  • Ibai-Arte
  • Udala
  • Arrasateko Nagusien Kontseilua
  • Biblioteka
  • Sasoibide

Aurkezpenean ondorengo ordezkariek parte hartu dute: Sasoibideko Margari Gorrotxategi, Udaleko Garapen Komunitarioko Maitane Muñoz, Bilbliotekako Asun Agiriano, Arrasateko Nagusien Kontseiluko Pili Iriarte, Udaleko alkatea, Ibai-Arteko Jon Apraiz eta Bastida Akademiako Xabi Arnaiz.

Ekitaldian ere ANAKON kontseiluko zenbait partaide izan dira, eta aipatzekoa da aste berezi honen bigarren edizioa izango dugula Arrasaten.

Egitaraua irailaren 26tik urriaren 1era ospatuko da, aintzat hartuta urriaren 1a, besteak beste, Pertsona Nagusien Nazioarteko Eguna dugula.

“Gure ustez, egitarau nahiko zabala antolatu dugu” adierazi du ANAKONeko lehendakari Pili Iriartek, ondorengo lerroetan ikus daitekeen bezala:

IRAILAK 26 (astelehena) Kulturaten arratsaldeko 17.30ean:

Abaroako Abesbatzaren emanaldia

Ondoren, mahai-ingurua: ‘Eten digitala, KPIa eta zahartzaro aktiboa murrizketen ondoren’. Mahai-inguruan parte hartuko dute:

  • Nekane San Miguel
  • Josu Zabala
  • Josemari Velez de Mendizabal
  • Ino Galparsoro
  • Mañole Ezenarro

Ondoren, Arrasate Musikaleko pertsona beteranoen emanaldia

IRAILAK 27 (martitzena):

Arrasateko Nagusien Kontseiluaren lanaren aurtengo kartelen erakusketa, BAZen, eguerdiko 12:00etan

‘Mendiak 1976’ filmaren emanaldia Amaia Antzokian, 19:30ean, gazteleraz.

IRAILAK 28 (eguaztena):

Jubilatuen etxeetako jardueren merkadiloa edo aurkezpena, Seber Altuben eguerdiko 11:00etan

‘Osasun publikoa norantz doa’ hitzaldia, Roberto Sánchez eta Marta Macho langileen eskutik, 17:30ean Kulturaten, gazteleraz

IRAILAK 29 (eguena):

Sasoibideren ibilaldi berezia, goizeko 10:00etan Biteri plazatik. ‘Bixi-bizi’ ibilaldiak bi atal izango ditu: Arrasateko balkoira igoera eta kolektibo ezberdinen topaketa Iturbide egoitzan.

Topaketa honetara gonbidaturik daude Iturbideko egoiliarrak, Gipuzkoako Begi Sarekoak, Arizmendi Ikastolako ikasleak. Paseo anitza izatea gura du Sasoibidek.

Ildo honetan, aipatzekoa da asteartean (irailak 27) eta asteazkenean ipar martxako ikastaro bat egingo dela. Monterron parkean, goizeko 10:00etatik 12:30era.

Aurrez izena eman behar da, Sasoibidek antolatuta. Ikastaroa Xabier Madinak emango du, hau da, “ipar martxa Euskal Herrira ekarri zuen pertsona”.

‘Sin permiso del rey’ liburuaren aurkezpena 19:00etan Kulturaten. Arrasateko Bibliotekak bere poza agertu du Nagusien Kontseiluarekin batera lehen ekintza antolatu baitu.

Bibliotekako ordezkariak jakitera eman du Maria Teresa Telleria egilea, “jubilatu berri dela, Madrilen bizi dela urte askotatik, baina Arrasaterekin harremana du”.

Izan ere, “Maala kaleko Telleria farmazia ohiko botikariaren alaba da Maria Teresa. Era berean, Arrasateko Roberto Telleria arkitektoaren arreba da”.

Bibliotekako ordezkariak jakitera eman du “urte askotan Madrilen Museo Botanikoko zuzendaria izan da. Bidaiari amorratua da, eta horretan antzekotasuna da Nagusien Kontseiluarekin”.

Bibliotekako lagunetako bat “Mariasun Landa dugu, eta Mariasun Maria Teresa lagun du. Maria Teresa Madril eta Donostian bizi da, eta zenbaitetan Arrasatera familia bisitatzera dator”.

“Maria Teresari aurkezpena egitea proposatu genion, eta berak pozarren baietz erantzun zuen. Guk liburua irakurri dugu eta gauza bera egin dute hemengo Liburutegiko erabiltzaile askok”.

Aurkezpena, jubilatuentzat ez ezik, bestelako herritarrentzat ere irekia izango da. Elkar Argitaletxea ere gonbidatua izan da, eta Maria Teresak liburuak sinatuko ditu.

“Animatzen zaituztet liburua irakurtzera, oso entretenigarria baita, gauza asko ikasi ahal dira eta bitxikeria ugari ditu”.

IRAILAK 30 (eguakotxa):

‘Osasungarri jateko’ tailerra, Bastida Akademiaren Sartei ostalaritza-eskolan, Andrea Larrea eta Nahia Zeziaga nutrizionistekin, eguerdiko 12:00etan.

“Bastida Akademiatik eta Sartei tabernatik parte hartu nahi izan dugu Nagusien Aste honetan, eta tailerra antolatu dugu. Bi adituak Nutrizio Zentrotik etorriko dira”.

Tailerrak ordubeteko iraupena izango du, eta ondoren “13:00etatik 15:00 aldera pintxo-pote bat ospatuko da bertan prestaturiko jakiak dastatzeko. Gura duenak bertara gonbidatuta dago”.

URRIAK 1 (zapatua, Pertsona Nagusien Nazioarteko Eguna):

Manifestuaren irakurketa publikoa 12:30ean Herriko plazan. “Azpimarra jarriko dugu pentsionistak eta herritarrak oro har jasaten ari diren KPIaren igoera ikaragarria, esaterako”.

Ondoren, musika emanaldiak izango dira enparantzan bertan, Ibai-Artek antolaturik. “Pertsona Nagusien Eguna jai bat izan behar dela uste dugu, egun osoko jai bat”.

Horrela, Puro Relajo taldea ekartzeko ilusio handia zegoen, eta Ibai-Artek lortu du talde entzutetsuak Arrasaten kontzertua ematea:

Puro Relajoren kontzertua 13:00 aldera izango da, eta Ibai-Artek pentsatu du “pertsona nagusiak ikusle gisa izateaz gain, pertsona nagusiak ere musika eskaintzen izatea”. Horregatik Trío de Medianoche taldeak ere kontzertua emango du, Monte taberna ondoan:

“Antena 3eko ‘La Voz’ saioan boleroak jo zituen Eibarko talde honek. Taldekide batek 80 urte baino gehiago ditu, eta beste batek 60tik gora”.

Maritatxi eta boleroez gain, blues eta rock talde batek joko du, The Song kontzertua emango duelako, Ezkiña tabernan. “Abeslariak 82 urte ditu, Arrasate Blueseko bi ediziotan parte hartu du, eta Arrasatera gustura etortzen da”.

Udaletik, alkateak eskerrak eman dizkie “egitarau oparo honetan parte hartzen duzuen eragile guztiei”. Bere hitzetan, “herritarrak animatzen ditugu nagusiekin batera parte hartzera”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen