Mugarri Ingou Arrasatek irekiko du kirol asteburua. Arrasateko taldeak bi partidu jokatuko ditu. Gaur, ostirala, azaroaren 27an, 9. jardunaldiko atzeratutako partidua jokatuko du Ormaiztegiren aurka. Partidua arratsaldeko 19:45ean hasiko da Ormaiztegiko Zubipe kiroldegian. Bigarren partidua igandean jokatuko du, eguerdiko 12:00etan, Leizaran Ernio Inmobiliariaren aurka Iturripen.
Futbolari dagokionez, Mondrak larunbatean jokatuko du Mojategin. Aurkaria Eibar izango da eta partidua, ohi bezala, arratsaldeko 16:30ean hasiko da. Bestalde, Leintz Arizmendik asteburu honetan bidaiatzea egokitu zaio. Ostadarren aurka jokatuko du igandean arratsaldeko 16:55ean Lasarte-Oriako Michelin futbol zelaian.
Larunbatean ere Kanpanzar Arrasatek jokatuko du Mojategin. Aurreko asteburuan atseden hartu ondoren, bihar Uni Bilbo hartuko du arratsaldeko 16:30ean. Bestalde, AGT Arrasate/Eibarrek Hernaniren aurka jokatuko du igandean. Partidua goizeko 10:30ean hasiko da Hernaniko Landare Toki zelaian.
Saskibaloiari dagokionez, bihar, larunbata, lehen mailako emakumezkoen Mondragon Unibertsitatea Logroñora joango da eta bertan Unibasket Logroño izango du aurkari. Partidua Adarraga kiroldegian jokatuko da arratsaldeko 20:00etan. Bestalde, EBA Ligako gizonezkoen Mondragon Unibertsitateak Megacalzados Ardoiren aurka jokatuko du. Partidua igandean jokatuko da Iturripen arratsaldeko 18:30ean.

Igandean jokatuko den beste taldeetako bat boleiboleko Arizmendi izango da. Hirugarren jardunaldiz jarraian bere kantxatik urrun jokatuko du, oraingo honetan Jatorkide Jubenilen aurka. Partidua Gasteizko Judimendi Gizarte Etxean jokatuko da eguerdiko 12:00etan.
Amaitzeko, Mondratek atseden hartuko du asteburu honetan. Otsailaren 19an bueltatuko da lehiara Leioaren aurka.