Errugbiak eman zion hasiera asteburuko kirol jardunaldiei. Kanpanzar Arrasatek garaipen garrantzitsua lortu zuen, 26-7ko emaitzarekin, sailkapenean goitik zegoen AVK Gipuzkoa Sortzen taldearen aurka, hasieratik amaierara arte partida menderatuz. Kronika osoa hemen.
Musakolan, Mondratek bere sasoi bikaina berretsi zuen Lauburu Ibarrari 8-0eko markagailuarekin nagusituz. Emaitza horrekin, taldeak bigarren postuari eutsi dio sailkapenean. Kronika osoa hemen.
Mondragon Unibertsitateko gizonek ezin izan zuten Iruki Take talde tolosarra garaitu etxetik kanpo. 81-62 nagusitu ziren etxekoak eta gure taldeak ohiko maila erakutsi ezinik jarraitzen du. Datorren partiduei begira, ACB ligan aritutako Asier Zengotitabengoa jokalari Gasteiztarra fitxatu dute.
Eskubaloian ere Mugarri Ingouk porrota jaso zuen MEK Eibar Eskubaloia taldearen aurka. Etxean bi garaipen kateatu ostean hirugarrenaren bila irten ziren etxetik kanpo, baina Eibar 28-22 nagusitu zen eta azken aurreko postuan jarraitzen du taldeak.
Mondragon Unibertsitateko emakumeek ere ezin izan zuten ezustekorik eman Logroñon, Bosonit Unibasket liderraren aurka. 65-50 galdu zuten baina hala ere, taldeak sailkapeneko erdialdean kokatuta sendo jarraitzen du.
Futbolean ere esku hutsik bueltatu da Mondrako gizonezkoen taldea Oiartzundik. Jaitsiera postuetatik irten da taldea azken jardunaldietako garaipenekin baina porrot honekin, gauzak estu jarraitzen dute sailkapenaren behe aldean. Azken emaitza 3-1 izan zen etxekoen alde
Azkenik Mondrako emakumeek ere kale egin zuten saikapenaren goialdean ageri den Segura Aizkorri taldearen aurka, 6-0 nagusitu ziren segurarrak. Neskek liga amaitu eta kopa hasi bitartean ez dute ezer jokoan baina aurreko asteko garaipenaren ostean, azken hiru jardunaldietan ezustekoa ematera zelairatuko dira.




