Kirol lehiaketek asteburuan jarraituko dute

0
221

Asteburu honetan kirol jardunaldiari hasiera emango dion taldea Mondra izango da. Arrasateko futbol taldeak etxetik kanpo jokatuko du asteburu honetan. Zumaiaren aurka jokatuko du larunbatean arratsaldeko 16:00etan Zumaiako Aita Mari futbol zelaian. Bestalde, Leintz Arizmendik, lokal bezala jokatuko duen arren, Oñatiko Azkoagain futbol zelaian jokatuko du. Aurrean Reala izango dute bailarako neskek. Partidua igandean jokatuko da arratsaldeko 16:30ean.

Larunbatean arratsaldeko 16:30ean ere, Arizmendiren txanda izango da. Boleibol taldeak bere kantxan jokatuko du berriro larunbat honetan, Aretxabaletako Ibarra kiroldegian. Oraingoan Navarmutilak izango dute aurkari.

Saskibaloiari dagokionez, Nazional Lehen Mailako Mondragon Unibertsitatea etxetik kanpo arituko da larunbat honetan. Iruñera bidaiatzea egokituko zaio, bertan Navarro Villosladaren aurka jokatuko baitu Nafarroako hiriburuko Iribarren kiroldegian arratsaldeko 17:15ean. Bestalde, EBA ligako Mondragon Unibertsitateak zaleen aurrean jokatuko du. Partidua igandean jokatuko da Iturripen, ohi denez, arratsaldeko 18:30ean.

Beste bi taldek Arrasaten jokatuko dute asteburu honetan. Alde batetik, areto futboleko Mondrate taldeak larunbatean jokatuko du Musakolan arratsaldeko 17:30ean. Aurrean Galdakaoko Lagun Onak izango du. Bestalde, eskubaloiko Mugarri-Ingou taldeak Soraluce Bergara izango du aurkari. Derbia arratsaldeko 20:00etan jokatuko da Iturripen.

Amaitzeko, Arrasate errugbiko taldeek atseden hartuko dute asteburu honetan, Kanpanzar Arrasate eta AGT Arrasate/Eibar.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen