Zenbait errugbi, pilota, saskibaloi eta boleibol partida etxean izango dira

0
295

Aurreko asteburuan atsedena izan ondoren, errugbiak irekiko du kirol jardunaldia. Emakumezkoen AGT/ERT izango da zelaira salto egingo duen lehen taldea. Larunbatean eguerdiko 14:00etan Neskak Loratzen taldearen aurka jokatuko du Getxoko Fadura errugbi zelaian. Bestalde, gizonezkoen Kanpanzar Arrasatek bere ikusleen aurrean jokatuko du larunbatean. Partidua Mojategin jokatuko da arratsaldeko 16:30ean, eta Envases RC La Rioja taldea izango du aurrez aurre.

Etxean jokatuko duen beste taldeetako bat boleiboleko Arizmendi taldea izango da. Ohikoa denez partidua Aretxabaletako Ibarra kiroldegian jokatuko da arratsaldeko 17:00etan. Oraingoan bailarako taldeak Navarvoley taldearen aurka jokatuko du.

Saskibaloiari dagokionez, Mondragon Unibertsitateko emakumezkoen Lehen Mailako taldeak Universidad Deusto Loyola Indautxuren aurka jokatuko du. Partidua larunbatean jokatuko da, arratsaldeko 20:15ean, Bilboko Jesuiten Ikastetxean. Bestalde, EBA Ligako gizonezkoen Mondragon Unibertsitatea ez da kantxaratuko igandera arte. Iturripe kiroldegian jokatuko du arratsaldeko 18:30ean. Gipuzkoa Basket Easo izango du aurrez aurre.

Igandean beste hiru partidu jokatuko dira. Igande goizean eskubaloiko Mugarri Ingou Arrasateren txanda izango da. Oraingoan Zarautzera joango dira Aritzbatalde Tabernaren aurka jokatzeko. Partidua Lizardi kiroldegian jokatuko da eguerdiko 12:15ean.

Mondra futbol taldeko jarraitzaileei ere egokituko zaie igandean bidaiatzea, euren taldea ikusi nahi badute. Mondrak Euskalduna Andoaindarraren aurka jokatuko du arratsaldeko 17:00etan Andoaingo Ubitarte futbol zelaian.

Areto futbolak itxiko du kirol jardunaldia. Mondratek Goierriren aurkako derbia jokatuko du igandean. Partidua Urretxuko Aldiri kiroldegian jokatuko da arratsaldeko 18:00etan.

Asteburu honetan ere ez da pilotarik faltako. Arrasate Pilota Taldeak 22 partidu jokatuko ditu gaurtik larunbatera bitartean, 15 Arrasaten Uarkape pilotalekuan eta gainerakoak Bergaran, Legazpin, Zaldibian, Azpeitian, Oñatin eta Eibarren.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen