Kirol hitzordu ugari izango dira asteburuan

0
169

Asteburuko lehen partiduak Arrasate Pilota Taldeak jokatuko ditu bihar, larunbata. Uarkapen esaterako partidu bat izango da ikusgai. Larunbatean eguerdiko 12:00etan Zubia eta Martin bikoteak Lapkeko bikotearekin neurtuko ditu indarrak.

Larunbat arratsaldean boleiboleko Arizmendi izango da kantxaratzen lehena. Hiru astez etxetik kanpo jokatu ondoren, Aretxabaletako Ibarra kiroldegian jokatuko dute berriro. Partidua 16:30ean hasiko da eta Navarvoley izango dute aurrean.

Ordu berean, Mondrak jokatuko du Mojategin. UDAren aurkako derbian berdindu ondoren, larunbat honetan Hernani izango du aurkari. Bestalde, Leintz Arizmendik ez du futbol zelaira salto egingo igandera arte. Arratsaldeko 17:00etan Mariñoren aurka jokatuko du Irungo Ugalde-Ventas futbol zelaian. Sailkapenean hobekien kokatuta dagoen taldeetako bat.

Mondratek ere larunbat arratsaldean jokatuko du. Aurrean Gernika izango du, sailkapeneko hirugarrena, Arrasateko taldearen gainetik. Sailkapenean eskalatzen jarraitzeko aukera paregabea. Partidua Musakolan jokatuko da arratsaldeko 17:30ean.

Igandean beste hiru partidu jokatuko dira. Eguerdian eskubaloiaren txanda izango da. Mugarri Ingou Arrasatek Ormaiztegiren aurka jokatuko du. Iturripen jokatuko den partidua eguerdiko 12:00etan hasiko da. Aurreko asteburuan garaipen garrantzitsua lortu zuten Ordiziaren aurka.

Saskibaloiari dagokionez, EBA Ligako Mondragon Unibertsitateak Getxoren aurka jokatuko du. Oso partidu garrantzitsua Arrasateko taldearentzat, irabaziz gero bigarren jarriko bailirateke sailkapenean. Partidua goizeko 11:30ean jokatuko da Getxoko Fadura kiroldegian. Bestalde, Lehen mailako Mondragon Unibertsitateak jardunaldiari amaiera emango dio Iturripen. Arratsaldeko 18:00etan Afilados Gasteiz Arabaren aurka jokatuko du.

Kanpanzar Arrasatek eta AGT Arrasate/Eibarrek atseden hartuko dute asteburu honetan.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen