Jaurlaritzak baimenduko du talde federatuetan 6 kirolari entrenatzeko aukera. Herriko hainbat kirol-elkarterekin izan gara.
Argazkia: MB Artxiboko argazkia.
Azken asteetan klub batzuetako lehen taldeek entrenatu ahal izan dute. Baina bihartik aurrera harrobiko talde batzuen entrenamenduak baimenduko ditu Jaurlaritzak. Izan ere, ekipo federatuetan gehienez 6 taldekidek lan-saioa egitea ahalbidetuko du, neurri gehiago hartuta. Arrasateko elkarteek entrenamenduei berrekiteko asmoz eta zuhurtziaz hartu dute baimenaren jakinarazpena.
Arrasate Atletiko:
Elkarte honek ere zalantzak ditu: “Arrasateko egoera kontuan hartuta, neurri hori gure herrian ere baimenduko da?”.
“Neurri hemen ere aplikatzen hasiko balitz, kadeteekin eta jubenilekin entrenamenduei berrekingo diegu, seinaka eta covid protokoloa betetzen, orain arte bezala”.
Arrasate Eskubaloi:
“Senior taldea erdi-profesional kontsideratzen denez, nolabait normal entrenatzeko aukera izan du, maskarak erabilita. Eten bat izan genuen Covid-aren ondorioz, baina azken 3 asteak entrenatzen eman ditugu”.
“Baimen berriarekin asmoa da Jubenil taldea berriro martxan jartzea. Taldekide bakoitzari galdetzen gabiltza ea prest dauden horretarako, Covid-aren testuinguruan, bakoitzaren etxeko egoera kontuan hartuta”.
Arrasate Rugby Taldea:
“Orain arte lan egiteko era erakundeek adierazitako beharretara egokitu da. Oraingoz itxaroten gaude Udaletik eta kiroldegitik esango digutenari”.
Dorletako Ama Txirrindularitza Eskola:
“Aurten ez daukagu kadete eta juniorrik taldean, eta eskola kirola oraindik ez dago martxan, beraz aldaketarik ez daukagu”.
Mondra:
“Printzipioz, asmoa daukagu Kadete, Jubenil, Preferente eta Ohorezko Erregionaleko taldeek entrenatzen hasteko, agian datorren astean”.
“Futbol Eskolaren eta talde gazteenen funtzionamendua Aldundiaren araberakoa, ez Eusko Jaurlaritzaren araberakoa, beraz bihar aurrerako baimenak ez die zuzenean eragiten”.
“Ohorezko Erregionaleko taldeak duen arazoetako bat da jokalarietako bat Ondarroakoa dela (Bizkaia) eta beste bat Murgiakoa (Araba). Beraz, bi jokalari horiek ezin dira oraingoz etorri entrenatzera. Baliteke abenduaren 23tik aurrera horretarako aukera izatea”.
“Oro har, Arrasateko egoera sanitarioa ikusirik, Mondra harremanetan jarri da Udaleko Kirol Zerbitzuekin zenbait zalantza argitzeko”.
Mondrate:
“Printzipioz, asmoa da bigarren taldea datorren astean entrenatzen hastea. Harrobian oraingoz talde hori daukagu”.
Ointxe:
“Ointxe klubetik ari gara lanean ahalik eta azkarren kantxetara bueltatzeko. Protokoloak baditugu landuta eta bidalita, beraz egoerak baimentzen badu astelehenetik aurrera entrenatzen hasiko gara federatuekin”.
Udala:
“Udal zerbitzuetan ez du aldaketarik suposatzen. Kirol federatuarentzat da, Arrasateko kasuan kirol elkarteetan suposatuko du aldaketa, baina udal zerbitzuan ezer”.