Kike Amonarrizek gurasoentzat euskarari buruz hitzaldia eskaini du

0
570

Geikek antolatuta, ‘Haurren aurrean helduok heldu’ ariketa sozialaren barruan, Kike Amonarrizek ‘Si yo no sé euskera ¿cómo le puedo ayudar?’ hitzaldia eskaini du Kulturate areto nagusian.

Hitzaldian zehar, Amonarrizek hitzaldira joan diren gurasoek egin dizkioten galderei erantzun die: Nola ikasten dituzte haurrek hizkuntzak? Nola erraztu eta indartu dezakegu ikasketa prozesu hau euskaraz ez jakin arren? Nola lortu euskaraz hitz egitea? Nola lortu euskararekiko jarrera positiboa izatea, hizkuntza menperatu eta etorkizunean arazorik gabe erabil dezaten? Hitzaldia gaztelaniaz izan da, euskaraz gutxi edo batere ez dakiten gurasoengana iritsi ahal izateko, nahiz eta euskaraz galdetu nahi izan duten gurasoek euskaraz egiteko aukera izan duten.


Kike Amonarrizek azaldu duenez, “helburua familia erdaldunei seme-alabak euskalduntzeko prozesuan duten garrantzia azaltzea da. Nola lagun dezaketen, nola bultza dezaketen prozesu hori eta nola lagun diezaieketen seme-alabei. Gako nagusietako bat da, nahiz eta beraiek euskaraz ez jakin, asko egin dezaketela seme-alaben motibazioa hobetzeko eta euskaraz hitz egiteko aukerak izan ditzaten. Etxetik hasita, etxeko paisaia linguistikoa euskaratuz. Telebistaren, ipuinen, pantailen eta abarren bidez euskararen erabilera bultzatuz. Bere ikaskuntza-prozesuaren parte izatea, interesa piztuz, motibatuz… eta bidaia horretan bere hizkuntza-maila hobetuz, eta neurri handi batean, euskara erabiltzeko aukerak sortuz, adibidez, euskaraz egiten diren jardueretan parte hartuz.”

Gurasoek dituzten kezka nagusiak ere azaldu ditu Amonarrizek. “Batez ere hiru dira: dakizkiten euskara apurra erabiltzea ona den ala ez; bigarrena, seme-alabek euskara gehiago egitea; eta hirugarrena, etxeko lanekin nola lagundu.” Hala ere, nabarmendu du gai nagusia etxeko lanak izaten direla. “Ikastetxe bakoitzak etxeko lanei buruzko politika propioa du; beraz, etxeko lanei buruzko zalantzarik izanez gero, lehenengo urratsa tutorearekin hitz egitea da. Gainera, etxeko lanek helburu zehatzak dituzte.”

Beraz, etxeko lanen inguruan oso praktika desberdinak daudela azaldu du, eta guraso gehienek arazoak dituztela etxeko lanekin laguntzeko. “Euskal Herriko guraso gehienek bizi duten egoera dela esan behar da. Euskara jakinda edo jakin gabe, gauza batzuk lagundu ditzakezu, baina beste batzuetan ez. Muga hauek mahaien gainean jarri behar ditugu, euskaraz badakiten gurasoekiko desabantaila handia dutela sentitzen dute eta ideia hori ezabatu behar dugu.”

Amaitzeko, azpimarratu duenez, “etxeko lanei duten garrantzia eman behar zaie, eta, batez ere, etxeko lanak seme-alabek egin behar dituztela.”

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen