“Katajineta gaixo zegoen, agian arratoien aurkako pozoiaren ondorioz”

0
1411

Aurreko zapatuan Eroski ondoko parkean “ikusteko oso zaila den espezie bat agertu zen ezustean. Arrasateko basozainak azaldu digu “urtebete inguru izan zezakeela eta motelduta zegoela”. Agerpen honek badu irakurketa baikorrik: “herriko basoek uste baino biodibertsitate handiagoa dutela”.

Argazkiak: Marian Ocaña.

Ziorla parkean zeuden oinezkoak zur eta lur geratu ziren katajineta bat bertan ikusi zutenean. Arrasateko basozainarekin izan gara, eta berari ere harridura eragin dio:

“Basoan barrena ikustea ere oso zaila da, batez ere gauez ibiltzen direlako, iheskorrak direlako eta gehien bat zuhaitzetan ibili ohi direlako”.

Fermin Lezetak urte ugari daramatza basozain lanetan, eta bere ibilbidean zehar “noizbait ikusi dut katajineta bat une zehatz batean mendiko pista batetik ibilgailuan nindoala. Oso zaila da ikustea”.

“Basakatua bizirik ikustea ere zaila da, eta lepahoriak, lepazuriak,… bizirik ikusi izan ditut, baita Krutzeta errepide inguruan ere”.

Musakolan agertutako animalia “gaixo zegoen, argalduta zegoen eta bere berezko bizkortasuna galduta, motel. Itxuraz, sufritzen egondakoa. Halaber, nahiko gaztea zirudien, ez zen handia, baliteke urtebete ingurukoa”.

Ezohiko agerpen honen hipotesi bat hau izan daiteke: “Horrelako erreka inguruetan arratoien aurkako pozoia botatzen da. Beraz, bertako arratoiak pozoia jaten badu, ondoren arratoia jaten duenak (katajinetak esaterako) pozoi hori bere organismoan barneratzen du”.

Pozoi horrek “antikoagulantea izaten du, eta hori ez da berez desegiten. Beraz, antikoagulantea ere barneratzen du arratoia jaten duen animaliak”.

Istripuaren hipotesia baztertu du basozainak, “ez zuelako zauririk ezta kolperik ere”. Fermin Lezetak eta udaltzainek lortu zuten animalia harrapatzea, ondoren zaindu eta gune natural batean askatzeko.

Duela bi asteburu beste ezohiko agerpen bat izan zen: Katajineta bat hilda agertu zen Tellamendi inguruko errepidexka batean. Orduko agerpenak harremana izan dezake Ziorlakoarekin?

“Uste dut ezetz, katajinetek oilengana joateko ohitura daukate (lepahoriek, lepazuriek edota azeriek bezala) eta baliteke katajineta hura ere oilengana zihoala ibilgailu batek harrapatu izana”.

Oro har, “basoetan noizean behin hildako animaliak topatzen dira, baina ohikoagoa da errepideetan hilda ikustea. Gizakiak jarritako tranpetan ere ageri ohi dira, oilotegietara ez sartzeko tranpetan. Ez da legezkoa baina jendeak tranpak jartzen ditu, nolabait basa animaliak uxatzeko”.

Aipagarriak dira “Arrasateko baserrietan garai batean lepazuriari ‘foina’ deitzen zitzaiola eta lepahoriari ‘zapotza’. Era berean, erbinudeari ‘ogitagaztaie’ deitzen zaio, lehen espezie ugariagoa zena”.

Katajinetaren agerpenak “erakusten du Arrasateko mendi eta basoek jendeak uste baino aniztasun biologiko handiagoa dutela, bai zentzu horretan behintzat”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen