Aldundiak oraintsu obrak Campezo Obras y Servicio, S.A. enpresari esleitu dizkio, 321.969’33 euroko aurrekontuarekin (BEZ barne). Obrak “2022ko lehen seilabetean” amaituko dira. Horrela, industrialde ondoko bidea “txirrindularientzat eta oinezkoentzat handitu, hobetu eta egokituko da”.
Argazkia: MB artxiboa.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun Sailak jakitera eman du Kataideko bidegorriaren obrak esleitu dituela.
Campezo Obras y Servicio, S.A. enpresari esleitu dizkio lanak 266.090’36 euroren truke (BEZ barik) eta 321.969’33 euroren truke (BAZ barne).
Aldundiak azpimarratu du Kataideko etorkizuneko bidegorria “funtsezkoa dela Deba bailarako foru ibilbidearen barruan, San Prudentzio eta Kataide industrialdea lotuko baitu”.
Egungo bidea handituko, hobetuko eta egokituko dute, horrela Kataide eta Arrasateko ekialdeko tokiko bidegorriaren arteko “gabezia konponduz”.
Bidegorria 690 metro luze izango da, eta “oinezko nahiz txirrindularientzako segurtasun-neurri guztiak” beteko ditu.
Proiektu honek atzerapen nabarmena dakar, eta Aldundiaren arabera, “Mugikortasun Sailarekin zerikusirik ez duten arazo tekniko administratiboek atzeratu egin dute hasiera batean 2020rako aurreikusita zegoen proiektu honen gauzatzea”.
“Azken oztopoak gaindituta, 2022ko lehen seihilekoan eskualdeko bizilagunek mugikortasun iraunkorraz gozatu ahal izango dute azpiegitura seguru eta irisgarri batean”.