Defentsak eskatu du kartzelatutako gizona “desintoxikazio zentro” batean sartzeko

0
1556

Abokatuak eskatu du Arrasateko gizona, epaiketa hasi arte, “desintoxikazio zentro batean” sartzea edo “behin-behineko askatasunean” uztea.

Argazkia: Ertzaintza, artxibokoa.

50 eta 38 urteko bi gizonezko atxilotu zituen Ertzaintzak otsailaren 2an Arrasaten, ustez drogarekin trafikatzeagatik.

“Arrastatuetako bat txikizkako salmentan aritzen zen bere etxetik” Ertzaintzak azaldu zuenez, eta “lehenengoak hornitzen zion droga (heroina, kokaina eta marihuana) helduenak saltzen zuen tarteka”.

Etxebizitzan egindako miaketan “substantzia horien kopuru esanguratsuak eta dirua” antzeman zituen, “dirudienez drogaren salmentako” dirua.

Ikerketa joan den abenduan hasi zuten, Arrasateko bizilagun batzuek egindako “salaketen ondoren, jakitera eman baitzuten Altamira auzoan drogarekin trafikatzen ari zitezkeela”.

“Susmagarriaren etxebizitzaren inguruan jarritako polizia-dispositiboan agenteek egiaztatu ahal izan zuten egun batzuetan zehar hainbat pertsona hurbiltzen zirela bere portalera, eta, dirudienez, saltzailearekin telefonoz hitz egin ondoren, honek lehenengo solairuko leihotik soka batetik zintzilik godalet bat jaisten zuela”.

“Kalean zain zegoen erosleak dirua sartzen zuen ontzian, eta saltzaileak jasotzen zuenean, droga jartzen zuen metodo bera erabiliz saltzaileari helarazteko”. “Modu horretara, etxebizitzaren jabeak” ustez “txikizka saltzen zuen droga –kokaina, heroina eta marihuana–. Gainera, ikerketaren arabera, drogaren salmentan bigarren pertsona batek ere laguntzen zuen”.

“Ebidentzia horien aurrean”, Ertzaintzak aurtengo otsailaren 2an bi gizonak atxilotu zituen, droga-trafikoaren delitua leporatuta”. “Epailearen agindua hartuta, etxebizitza miatu zutenean 30.000 eurotik gora, 377 gramo kokaina, 397 gramo heroina eta marihuana kukuluen 142 gramo konfiskatu zituzten”.

“Substantzia guztiak, atxilotuak eta polizia-eginbideak” otsailaren 4an agintari judizialaren esku utzi zituen Ertzaintzak.

Epaileak arrastatuetako bat espetxean sartzeko agindua eman zuen. Orain bere defentsak “desintoxikazio zentro batean” sartzea edo “behin-behineko askatasunean” uztea.

Bere abokatuak, Cristina Morcillo Buj-ek, argudiatu egin du “egon badaudela kartzela baino gogortasun askoz txikiagoko neurriak, kautelazkoak eta behin-behinekoak direnak”.

Gehitu duenez, ez dago gizonak “ihes egiteko” arriskurik, “gaixo koitadu bat” delako, “dexintosikazio zentro batean behar lukeena”.

Defentsak epaitegiari idazki bat aurkeztu dio eta EFE agentziak edukia ezagutzeko aukera izan du. Agentziaren arabera, abokatuak azaldu du bere bezeroa “heroina, kokaina eta marihuana ohiko kontsumitzaile dela”.

Bera espetxeratzea “birgizarteratu ordez, bere osasun egoera larriagotzen ari da, ezin baitu hartu tratamendu mediku pertsonalizatua”, kartzelan “sartu baino lehen hartzen zuena”.

Epaitegiak ez du aukera hori ontzat hartu, “berriro delitua egiteko” arriskuagatik, antzeko delituengatik aurrekariak dituelako, eta ohitura kentzeko (droga uzteko) tratamenduak jarraitu izan dituelako. Erabaki horren aurrean, defentsak iragarri du berriro apelazioa aurkeztuko duela.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen