Santi Cobos (Leon, 1968) preso sozialak bere bizitzako 26 urte giltzapean eman ditu. Hitzaldia eman du Iratin, besteak beste salatuz “kartzelak presoa piztia bihurtu nahi duela”.
Arrasateko Premin Sampedro eta Aratz Gomez preso politiko ohiek Villabonako espetxean (Asturies) ezagutu zuten Santi Cobos Fernandez preso sozial ohia.
Irati tabernak antolaturik, hitzaldia eman zuen herenegun arratsaldean baldintzapean “aske” dagoen leondarrak.
Egun 51 urte ditu, eta horietatik 26 espetxean eman ditu. 2029an behin betiko askatasuna berreskuratzekoa da.
“80. hamarkadan behar handiak zeuden eta norberak bizimodua atera behar zuen norberaren kasa. Droga asko zegoen baina ni ez nintzen menpeko”.
“Lapurketa txiki batzuk egiten hasi nintzen, eta ondorioz espetxeratu ninduten. 1987 aldera euskal presoak ezagutzen hasi nintzen, pilotan jokatzen, nola bestela!” gogoratu du umore puntu batekin.
“Lehen graduan geunden, eta eurak ezagutzea berpizte bat bezalakoa izan zen niretzat: Salhaketaren (presoen aldeko elkartearen) liburu bat oparitu zidaten euskal preso politikoek”. “Presoak bere burua defendatzeko baliagarria, eta nik jarraibide horiek jarraitu nituen”.
“Euskal preso politikoek pertsona bat bezala tratatzen ninduten, eta eurengandik errespetua eta elkar ulertzea jaso nituen”.
Santi Cobosek baloratu du “preso sozial batzuek irakurtzen eta idazten ez zekitenean, euskal preso politikoengandik laguntza jaso zutela. Hemengo presoek sozialei testu garrantzitsuak irakurtzen zizkieten eta testuak idazten zizkieten. Horri esker, preso sozial bat baino gehiago aske geratu zen”.
Santi Cobos ihes egiten ahalegindu zen hainbatetan, eta saiakera horretako batean polizia bat hil zuen. Saiakera horietako baten ondorioz 80 urte baino gehiagoko kartzela zigorra ezarri zioten.
1991ko abuztuan estatu espainiarra FIES erregimena aplikatzen hasi zen, eta Santi Cobos bete-betean harrapatu zuen. Erregimen horretan sartu zituzten “ihesaldiak egiten saiatutakook, preso iraultzaileenak,…
“FIESa aislamendu barruko aislamendu erregimen bat bezalakoa da”. Kontuan hartzekoa da “espetxea berez presio-eltze bat bezalakoa dela, beti lehertzeko zorian”.
Horren aurrean, “metadona, telebista aparailuak,… sartu zituzten makro-kartzelak sortu ahala. FIESa justifikatzeko prentsa erabili zuten, eta psikopatatzat jo gintuzten”. “FIESeko neurriak ezarri zizkiguten:
- Senideekin genituen bis a bisak kendu zizkieten
- Senideek bidalitako gutun asko kendu zizkieten
- Buzo batekin jantzi behar zuten
- Oinetan txankletak
- Jabetza guztiak kendu zizkieten
- Eskuburdinak jartzen zizkieten
- Gauerdian zeldara joaten ziren eta koltxoia kentzen zieten
- Jipoiak jaso zituzten
“Ondorioz, preso ugarik euren buruaz beste egin zuten, heriotza askatze bat bezalakoa baitzen”. Horren guztiorren aurrean “gose grebak egin genituen, besteak beste, bis a bisak berreskuratu ahal izateko. Egoera jasanezina zen eta ihes egiten saiatu ginen”:
“Kartzelero bat bahitu genuen, eta ihes egiteko kotxe bat exijitu genuen. GEOak sartu ziren, paretak apurtu zituzten eta atxilotu gintuzten”.
Valladolideko kartzelan “bisitak izatean, poliziak bertan zeuden borrak eta eskutuak eskuetan. Horietako batean eraso ninduten eta nire aita txarto jarri zen”. “Besoa eta hanka apurtu zizkidaten, eta buruan 40-50 grapa jarri behar izan zizkidaten”.

“Ikusi dut espetxeak nire kartzelakide batzuk makilkadaka hiltzen. Gainera, gero, irratia entzutean, irrati-emisorak hildako pertsonak psikopatatzat jotzen zituen. Hedabideak drama bat zerbait nazkagarri bihurtzen dute”.
Horrek guztiorrek “gorroto, frustrazio, beldur,… handiak eragiten dizkio presoari”, baina “hainbat kartzelarik ere psikiatrarengana joan behar izan dute”.
Borroka horretan “niri behin baino gehiagotan ‘más vale que te ahorques’ esan zidaten. Ulertzen dut hainbat presok euren buruaz beste egin izana”.
“Kartzelak presoa piztia bihurtu nahi du, presoak gauza guztiak gorroto dituelako. Baina piztia bihurtuko balitz, kartzelari arrazoia emango lioke. Testuinguru horretan errespetuak, dialektikak,… ez dute balio”.
Kinka larri honetan “zoratzea presoarentzat ihesbide bat da. Nik ikusi ditut presoak euren burua paretaren aurka jotzen, kakarekin euren burua zikintzea,… Horrela behintzat kartzeleroek ez zieten hainbeste presiorik egiten”.
Egoera aldatzeko “gose grebak egin genituen, eta horri esker epaile batzuek adierazi zuten FIESetako neurri batzuk legez kanpokoak zirela”. Gainera, “preso batek sormen handia izan dezake eta sistema kartzelarioa kolokan jarri”.
Hala ere, “nik ezagutu ditut pertsona batzuk aske zeudenean droga kontsumitzaileak ez zirenak, baina espetxean metadona eskatzea, kartzelak metadona kontsumitzaileei kalera denbora batez irteteko baimena ematen zielako, lantxo batzuk egin zitzaten”.
Gainera, “presoari metadona emateari uzten badiote, presoak heroinaren bila ibiliko da. Horrek iskanbilak eta hilketak eragin izan ditu”.
Kontrolatzeko beste era bat telebista da: “lehen espetxeetan ez zeuden telebista aparailuak, eta presoek gehiago irakurtzen zuten”.
“Sufrimendu horrek guztiorrek helduago izaten laguntzen zaitu. Ordea, sufrimendua drogen bitartez saihesten baduzu, pertsonak ez du eboluzionatuko”.
Santi Cobosek ere salatu zuen Villabonako espetxeak Premin Sampedro eta Aratz Gomez urtebete aislamentu erregimenean izan zituela.
“Preso batzuk aske geratu behar dutenean, politiko batzuek espetxeari presio egiten diote askatasuna atzeratzeko”. Mendekua nahi duten politikoek indar gehiago izaten dute etorkizunera begira daudenek baino”.
Santi Cobosek geroa “baikortasunez aurreikusten dut ateak ireki eta aurrean espazio librea ikusten dudanean”. “Batzuetan beharrezkoa dut kalera irten eta euriak busti nazala uztea”.