Karmele Iparragirre, Arrasateko Pentsionistak taldeko sortzaile, zendu da

0
2270

Beheko argazkia: Familia / Goiko argazkia: MB artxiboa.

Karmele Iparragirre Gandiaga (Ondarroa, 1945) 27 urte zituenetik Arrasaten bizi izan da, eta besteak beste, pentsio duinen aldeko borrokan jardun du.

Izan ere, berak 2018an salatu zuen bezala “jende gehienak eta batez ere alargunok 700 eurotik beherako pentsioa daukagu, %87ak”.

Familiarentzat eta etxean lan ugari egin ostean, 57 urte zituela, senarrarengandik banatzea erabaki zuen, eta Arrasateko eskola publikoko jantokian 10 urtez lan egin zuen.

Arrasateko EH Bilduren hauteskunde-zerrendan aurkeztu zen 2015ean, eta bera izan zen pentsio duinen aldeko Arrasateko mugimenduaren sortzaileetako bat.

Lehen pauso horiek Sagra Lopez eta Alberto Kabiketarekin egin zituen, besteak beste, sinadura bilketetan parte hartuz eta asteleheneroko bilkurak abiatuz.

Ildo honetan, Arrasateko Pentsionisten Plataformako ordezkari jardun zuen askotan, Herriko plazan eta udaletxean, besteak beste. Gainera, berdintasunaren, preso politikoen eskubideen eta euskararen alde aritu zen.

Adibidez, herriko Asanblada Feministan parte hartu zuen urte luzez, esaterako 2018ko Martxoaren 8 jendetsu eta historikoaren antolakuntzan.

Gaur, martxoaren 28an, tamalez zendu da 79 urte zituela. Familiak San Felipe Beilatokira (Ignazio Zuloaga kalea, 2) bertaratuko diren pertsonak hartuko ditu bihar, ostirala.

Ordutegia ondokoa izango da: goizeko 11.00etatik eguerdiko 13.00etara, eta arratsaldeko 16:00etatik 19.00etara.

Bere omenezko ekitaldi zibila apirilaren 13an egingo da, larunbata, Aldai parkean, arratsaldeko 18:00etan. Besarkada bana senide eta lagunei, agur eta ohore Karmele.

Arrasateko Nagusien Kontseiluko lagunek ere “gure pena eta tristura adierazi nahi ditugu, Karmele Iparragirreren heriotzagatik”.

“Pentsiodunen eta haien eskubideen aldeko borroka”ren garrantzia azpimarratu dute. “Aurrera pentsiodunak eta Karmeleren familia, Karmele gure gogoan”.

https://www.eitb.eus/eu/telebista/programak/ur-handitan/bideoak/osoa/5546034/bideoa-karmele-iparragirre-emakumeek-egindako-lanek-ez-dute-baliorik/

Albistea osatzen gabiltza

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen