Lan-istripuaren ondoriozko bilkura: “Karga eta deskarga ez dagozkie garraiolariei”

0
896

Langileen ordezkariek, LABek eta ELAk berretsi dute lan-istripu larrian, Fagor Ederlan enpresarentzako materiala garraiatzen ari zen 25 urteko, Orixol Garraioak (TKV taldea) enpresako pertsonari zama gainera erori zitzaiola.

Ezbeharra salatzeko, TKV taldeko Areazka 2014 enpresako ordezkariek deituta, bilkura egin da eguerdian taldeko egoitza parean.

ELA eta LAB sindikatuek ere bertan parte hartu dute, gogoraraziz “2024an dagoeneko 17 langile hil direla lan-istripuetan, eta istripu arin eta larri kopuruen gorakada gogor bat pairatzen ari garela”.

“Lehenik eta behin, TKV taldeko Areazka 2014 enpresako ordezkari eta langileok, gaur samin eta besarkada handiena helarazi nahi diogu langileari eta bere lankide, senide eta gertukoei. Baita bere biziaren aldeko borroka honetan animoak eta elkartasuna adierazten dizkiogu hemendik”.

“Ez da lehenengo aldia TKVko zuzendaritza eta arduradunei, prebentzio arloan, segurtasun neurri gehiago eskatzen dizkiegula. Iazko apirilean, lan-istripu bat gertatu zen, orduan ez zen zauriturik izan baina kalte larriak egon zitezkeen. Enpresari ikerketa bat irekitzea eskatu genion eta horrelako arriskuen aurrean prebentzio neurri zehatzak ezartzea exijitu”.

Garraiolariak dira “istripu larri eta hilgarrien artean, inzidentzia oso altua pairatzen ari den sektoreetako bat. Sektore honek, trafiko istripu traumatikoez gain arazo kardiobaskularrak modu nabarmenagoan pairatzen dituen langile taldea da, laneko faktoreek eragin altua dutelarik. Bada, baina, garraiolariek pairatzen duten beste arrisku erantsi bat, karga-deskarga prozeduretan ematen diren istripuak, hain zuzen. Nahiz eta karga eta deskarga EZ DAGOZKIEN garraiolariei, enpresa askotan ez da segurtasun arau hau errespetatzen eta bitartekorik ez duen garraiolariari uzten zaio materiala manipulatzen”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen