“Karanketan” izenpean aurkeztu dute Arrasateko Elikadura Mahaia

0
3490

Arrasateko Elikadura Mahaia publikoki aurkeztu dute gaur Kulturaten, “Karanketan” izenarekin. Ekitaldian parte hartu duten eragileek herriko elikadura estrategia berria eta gobernantza eredua aurkeztu dituzte, tokiko elikadura-sistema indartzeko eta ekoizpenetik kontsumora doan kate osoa modu jasangarri eta kolektiboan lantzeko helburuarekin. 

Egitasmoaren izenak Arrasateko tradizioari egiten dio erreferentzia. Herriko hizkeran, “karanketan” egitea aletzea da, hau da, baba, artoa edo idarra bezalako laboreak mahaiaren inguruan taldean aletzea. Irudi horren bidez, proiektuak auzolana, komunitatea eta tokiko elikaduraren zikloa irudikatu nahi ditu. 

Karanketan krisi ekosozialaren testuinguruan sortu da, elikagaien ekoizpena eta kontsumoa berriz ere tokian bertan sustatzeko beharrari erantzunez. Helburu nagusia Arrasateko elikadura-kate osoa indartzea da, agroekologian oinarritutako eredu osasungarri eta jasangarria bultzatuz. 

Proiektua gobernantza eredu horizontal baten bidez kudeatzen da, eta bertan parte hartzen dute Arrasateko Udalak, Ereindajan Arrasatek, Landa Garapen Elkarteak eta Biolur Gipuzkoak, Tokixan Egitasmoak eta Txatxilipurdik, baita tokiko ekoizleek ere, tartean Naiara Uriartek eta Ane Gorosabelek. 

Aurkezpena 2024ko uztailean abiatu zen prozesuaren emaitza izan da. Ordutik hainbat prestakuntza-saio eta dinamizazio jarduera egin dituzte taldea sendotzeko. Gaur egun, besteak beste, “Lurretik Mahaira! Ekoizleekin kozinatzen” ikastaroak, sentsibilizazio jarduerak eta 2027rako plangintzaren lanketa ari dira garatzen. 

Ekitaldiaren amaieran, sustatzaileek egitasmoaren oinarri diren balioak azpimarratu dituzte: agroekologia, ekoizleen duintasuna, feminismoa eta elkargune inklusiboen sorrera. Horren harira, proiektuaren leloa gogorarazi dute: “Herri burujabeak KARANKETAN jarraituko dugu”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen