Kanpazarko 3. erreia egiteko obrak hasi dira, 3’4 milioi € erabiliko dituzte

0
672

Eguneko 7.684 ibilgailuk erabiltzen dute Kanpazarko Elorrioko aldea. Lehen tramua “13 hilabete barru” prest egongo da, eta bigarreneko obrak “datorren urtean” izango dira. Denera, Bizkaiko Aldundiak 3’4 milioi erabiliko ditu.

Eguneko 7.684 ibilgailuk erabiltzen dute Kanpazarko mendatearen Elorrioko aldea. Horietako 1.468 kamioiak dira, Bizkaiko Aldundiaren azterketaren arabera. Mendate zati hori 4’5 kilometro luze da.

Hala, “errepidearen trafiko ahalmena handitzea” erabaki du aurten, eta proiektu hori behin betiko onetsi zuen Azpiegituretako eta Lurralde Garapeneko foru diputatuaren martxoaren 25eko 1005/2020 Foru Aginduaren bidez.

Ondorioz, lurrak desjabetzeko prozesuari ekin zion. Atzo hirugarren erreia egiteko obrak hasi zituzten.
Zehazki, mendateko 35’800 puntu kilometrikotik 36’620 puntu kilometrikora jarriko da erreia, goranzko norabidean jarriko da. Hau da, gutxi gorabehera 3. erreia hasiko da mendatearen erdialdean dagoen rekta pasata, eta mendatearen puntu gorenean amaituko da.

Ondorioz, errepide zati horretan motordun ibilgailuek ibilgailu astunagoak (kamioiak esaterako) aurreratzeko aukera izango dute.

Aldundiak azterketa batzuk egin ditu, eta adibidez hondakinak kudeatzeari buruzkoak ziurtatzen du obretako “hondakinak hondakindegi baimendu batera eramango direla”.

Ingurumen izapideei dagokienez, azterlanak ondorioztatzen du “antza proiektuak ez duela ingurumenean kalte esanguratsurik eragingo”.

Obrak bi fasetan egingo dira: Lehen errepide zatia 680 metro luze da, eta bertako obrak atzo hasi ziren. “13 hilabete barru” prest izango da.

“Lan gehienak gauez egingo dira, eta hormigoizko horma bat jarriko da obren eta errepidearen artean”.
Bigarren tramuko obrak “datorren urtean” egingo dira, egun bertan AHTarentzako obrak egiten ari baitira.

Tramu bakoitzak 1’7 milioi euroko kostua izango du. Aldundiaren arabera, hirugarren erreiak ahalbidetuko du mendatea “5 minutu azkarrago igotzea batez beste”. Errei motelena motordun ibilgailu astunenentzako izango da. Drenaje sistema “hobetu egingo da” eta fibra optikoaren azpiegitura “lekualdatuko”.

Bizkaiko Azpiegitura eta Lurralde Garapen diputatuak, Imanol Pradalesek, atzo adierazi zuen “etorkizunean beste proiektu bat planteatu beharko dela Bizkaia eta Gipuzkoa arteko autobia konektatzeko”. Egitasmo hori “epe luzerako” litzateke.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen