Covid-19aren osasun krisiak eragindako gorabeheren ostean, asteburu honetan jarriko da martxan Euskal Ligako 1. Maila –momentuz horixe izango da abiaraziko den kategoria bakarra- eta, honen baitan, Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek Durango hartuko dute Mojategin zapatu arratsaldean, 15:30etik aurrera.
Beheko testua: ART – Isei Barbero / Argazkia: MB artxiboa.
Egungo protokoloei jarraituz, norgehiagoka zaleen presentziarik gabe jokatuko da, eta berritasun nagusia Julen Barrutiaren mutilek Ordiziarekin batera taldea partekatuko dutela izango da.
“Pandemiaren ondorioz sortutako zirkunstantziek behartu gaituzte beste aukera batzuk bilatzera, nahi duten jokalariek denboraldi honetarako jokatzeko minutuak eta kirol-kalitatea izan ditzaten, horregatik adostu dugu Ordizia Rugby Elkartearekin 2020-2021 denboraldirako talde seniorraren inguruan biltzea”, adierazi dute klub zuri-moreko Zuzendaritzatik. Akordio honen baitan, “eta norgehiagoka bakoitzaren aurretik bi aldeek adosten dutenaren arabera”, Kanpanzar Arrasateren taldearen inguruan Soiuz eta Goierri taldeen kirol baliabide eta errekurtsoak batu egingo dira talde bateratu gisa Euskal Ligako 1. Mailan lehiatzeko. Ekipoaren izena KANPANZAR Arrasate- Ordizia RUGBY izango da, eta norgehiagokak Arrasateko Mojategi errugbi zelaian jokatuko dira.
Esan bezala, zuri-moreen aurreneko aurkaria Durango izango da, multzokideak ondorengo ekipoak izango direla: Atletiko San Sebastian / Hernani, Gernika, Valtesca UBR, Bera Bera B, Sarako Izarra, Txingudi eta Errioxa. Taldeen kopurua bakoitia izanik, astero-astero talderen batek atsedena izango du, eta ligaskak orotara 9 jardunaldi izango ditu, azkeneko apirilaren 11n jokatuko dela.