Arratsalde osoan elurra egiten jarraitu du Arrasaten. Errepide nagusiak nahiko garbi mantendu dira trafiko etengabearen ondorioz, baina jende gutxien dabilen kaleetan elurra pilatzen hasi da. Oraingoz, autoetan eta lorategietan 5 zentimentroko lodiera dago.
Gainera, bi istripu gertatu dira Kanpazar mendatean. Ertzaintzak jakinarazi dutenez, bi ezbeharrak N-636 errepidean izan dira, igoerako 31. kilometroan, arratsaldeko 16:30 aldera. Zorionez, ez da zauriturik egon.
Biak ala biak Sara Merenderuaren pareko bidegurutzean izan dira, errepidea zabalagoa egiteko obretatik hurbil. Ertzaintza eta Udaltzaingoa bertan aritu dira, eta hasiera batean, Epeleko igoera eta errepide zaharra itxita egon dira. Arratsaldeko 18:50erako bi errepideak irekita zeuden.

Gainera, A-2620 errepidean, 24. kilometroan, Aramaioko errepidean izotza dagoela ohartarazi dute. Era berean, izotza dago GI-3551 errepidean, 0 kilometroan, Arrasaten.
Bestalde, Euskametek jakinarazi du elur-kota 0 metrotik 100 metrora igoko dela arratsaldean, eta biharko 200 metrotan kokatuko dela.