Kanpanzar Arrasate berriro ere esku hutsik geratu da

0
359

Testua: Isei Barbero. Argazkiak: Mondraberri.

Liga txapelketako bigarren itzuliari porrotarekin ekin diote Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek.  Julen Barrutiaren mutilek Getxo hartu dute Mojategin zapatu arratsalde honetan eta, berriro ere gutxigatik izan bada ere, sarrailagileek ezin izan dute denboraldiko aurreneko garaipena eskuratu.  Norgehiagoka parekatu batean getxoztarrak nagusitu dira 15-22ko emaitzarekin.

Partidua hasi eta berehala eman du lehenengo kolpea Kanpanzar Arrasatek, Abarrategik aurreneko minutuan zutoinen artera bidalitako zigor kolpearen bitartez (3-0).  Arrasatearren pozak, baina, ez du luzaroan iraun, ordu laurdena betetzean Getxok entsegua egin eta 3-5 aurreratu baita.  Lehenengo zatiko ordu erdia igarota bisitariak errenta handitu egin dute, entsegu berri batekin eta, oraingo honetan bai, transformazioa gauzatuta.  Bazirudien 3-12koarekin hartuko zutela aldageletarako bidea bi taldeek, baina lehenengo zatiko azken txanpan Ander Gonzalezek entsegua egin eta 8-12ko emaitzarekin joan dira aldageletara bi taldeak arauzko aurreneko 40 minutuak agortuta.

Bigarren zatian ere indarrak parekatuta egon dira, baina 13. minutuan epaileak Younes Melgarri txartel horia erakutsi eta, minutu bat beranduago, Getxok arratsaldeko hirugarren entsegua egin du, markagailuan 8-17koa ezarriz.  Kolpe berri honek ez du Kanpanzar Arrasate hondoratu, eta 20. minutua betetzear zela etxekoek aldea murriztu dute Giorgi Vardanidzeren entsegua eta Iraitz Arriaranen transformazioaren bitartez. 

15-17koarekin Barrutiaren mutilek garaipena gertu zuten baina, beste behin, ezin izan dute azkeneko aurrerapauso hori eman.  Aitzitik, abantaila handitu duena Getxo izan da, partidua amaitzeko ordu laurdenaren faltan lortutako entseguaren bitartez.  Etxekoak ahalegindu dira partidua amaitu bitartean markagailua iraultzen baina, zoritxarrez, Getxo gai izan da errentari eusteko eta partidua 15-22koarekin amaitu da.

Porrot berri honekin Kanpanzar Arrasatek sailkapeneko azkeneko postuan jarraitzen du bost punturekin, azkenaurreko sailkatu Uni Bilbotik bi puntura.  Julen Barrutiaren mutilek aukera berri bat izango dute datorren astean joera negatibo honi buelta emateko, Arripausuetan izango da, Durangori egingo dioten bisitan.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen