Kalitatezko produktu merketuak erosgai daude hemengo komertzioetan

0
1224

Horren adibide dira Urrats zapata-denda eta Kapikua arropa denda. Hemengo komertzioek herritarrak animatzen dituzte “behintzat dendetara sartzera eta produktuak begiratzera”.

Urrats zapata-dendako arduradunek azaldu dutenez “aurten inoiz baino stock gutxiago dugu, eta hori nabaritu egin da artikuluen kopuruan. Normalean, data hauetan, hornitzaileek salgai jarri nahi dituzten eta urte osoan soberan izan dituzten produktu ugari izaten dituzte, baina aurten askoz gutxiago daude”.

Hala ere, horri esker “aukera paregabea da gure bezeroentzat %20, 30 eta 50eko beherapenak baititugu behar dutena aurkitu ahal dezaten”.

Gainera, haurrentzako zapatak beti dira beharrezkoak, eta hori lagungarria izan da: “Helduok denbora luzeagoa iraun dezakegu zapata berberekin, baina haurrek oinetakoak berritu behar dituzte etengabe, eta merkealdi hau aukera ona da hori lortzeko eta etxera eramateko”.

Kapikua arropa dendako lagunek herritarrak animatzen dituzte “behintzat dendetara sartzera eta produktuak begiratzera, konpromiso barik. Lasai galdetu dezatela, gu laguntzeko prest gaude”.

Bañez Doktorea kaleko denda honetan esaterako “kalitatezko produktuak eskaintzen ditugu, nazioan ekoitziak, janzteko errazak, sport eta dotoreak aldi berean, emakume helduentzat batez ere: berokiak, frakak, jertseak,…”.

“Moda produktu esklusiboak eskaintzen ditugu, izan ere, ez dugu moda itsu-itsuan jarraitzen. Denda guztiek hori egitea onuragarria litzateke, bestela uniformizazio bat gerta liteke”.

San Andresko denda honetan 38 tailatik gorako arropa daukate, “taila normalak eta 56-58 artekoak ere, hau da, agian arropa aurkitzeko zailtasunak dituzten pertsonentzat ere arropa eskaintzen dugu”.

Inma Ruizek 30 urte daramatza denda honetan lanean, eta ziurtatzen duenez “hemengo arropak erosleari urte gehiago irauten dio, zentro komertzialetako arropak baino”.

Kapikuak osagarriak ere eskaintzen ditu: gorroak, karterak, eskularruak, aterkinak, lepokoak, poltsoak,… “Opariak ere eskaintzen ditugu, zerbait bereziagoa oparitzeko”.

Baieztatu duen bezala arrasatearrak “azkenaldian gutxiago irteten dira kalera ostalaritza itxi egon delako, Covid-aren ondorioz, hotz handiagatik,…”.

Hortaz gain, “Gasteizera erosketak egitera orain hainbestetan joaten ez den jendeari asko kostatzen ari zaio dendetara sartzea. Horren arrazoietako bat da hemengo dendetako produktuak ezagutzen ez dituela”.

Kontuan hartzekoa da ere “jendeak sport estiloa gero eta gehiagotan janzten duela”. Horren aurrean, Kapikua egoera berrietara egokitzen ari da, eta besteak beste, marka kataluniar, frantziar, greziarrak,… eskaintzen ditu.

Egun hauetan %30eko beherapena duten arropak, osagarriak, opariak,… eskaintzen ditu Arrasaten bertan.


ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen