KaleNatura abian da, kaleko animaliei argazkia egin eta izendatuz

0
420

Beheko testua: Txatxilipurdi elkartea / Argazkiak: MB artxiboa.

2021 urtean, KaleNatura izeneko ekimena antolatu genuen eta kaleetan hasten diren landareei begira jarri ginen. Guraso.eus eta Txatxilipurdi elkartetik auzo, herri eta hirietako natura ezagutu eta izendatzera gonbidatu zintuztegun.

Aurtengoan ere herri eta hiri barruko biodibertsitatearen garrantzia aldarrikatu nahi dugu. Honetarako KaleNaturaren II. Edizioa antolatu dugu, aurtengoan kaleetan ikus ditzakegun animaliak ezagutu, izendatu eta partekatzea eskatuko dizuegu; txori, intsektu, ugaztun… Azken hamarkadetako herri ereduak natur gune zirenak porlanarekin tapatuz herri eta inguruetako bizitza gutxitu duen arren, badira oraindik ere bisitatzen gaituzten txoriak, herrietako txoko ezkutuetan dauden animaliak, bizi irauten duten intsektuak edo erreketan ugaltzen diren arrainak. Ezagutzen dituzue? Nola izendatzen dituzue zuen herrietan? Euskara ere aberatsa da animaliak izendatzeko orduan eta hau ere balioan jarri nahi genuke.

Ekimen honekin, etxe inguruetan dauden animaliak ezagutu nahi ditugu, parkeetan, paretetako arrakaletan, etxe azpiko lorategian, erreka ondoan… horiek izendatu eta gurekin partekatzera gonbidatu nahi zaituztegu.

Aurtengo erronka baina ez da makala landareak ez bezala, animaliak behatzeko eta hauei argazkia ateratzeko adi egon beharko gara, kale-safariak aukera ona izan daitezke honetarako, hartu argazki kamera eta irten kalera!

Zer egin behar da parte hartzeko?

Ekimenean parte hartzeko, atera argazki bat animalia bati (txori, intsektu, arrain, ugaztun…) eta bidaliguzu izendatzeko erabiltzen duzuen izenarekin batera. Gogoratu zuen izen abizenak ere bidaltzeaz, honela ekimenaren amaieran burutuko dugun zozketan parte hartuko duzue eta.
Whatsapp eta Telegram sareen bitartez 688724205 telefono zenbakian
Emailez komunikazioa@txatxilipurdi.eus helbidean

Noiz eta non?

Ekimena Euskal Herri osora irekita dago eta maiatzaren 1etik 30era parte hartu ahalko da aurrez azaldu bezala.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen