Kale-inkesta: “Zein ekarpen onuragarri egin ditzake baheketak?”

0
2647

Baheketa masiboa hasi da goizean, eta proba egin duten ondoko lagunei galdetu diegu, besteak beste, zertan datzan PCRak egitearen garrantzia.

Juanjo ‘Parron’:

“Baheketa orokor hau lehenago egin behar zen, Arrasateko egungo intzidentzia tasa altua ekiditeko. Uste dut horrela hilabete bat aurreratuko ginatekeela Covid-aren aurka”.

“Ea baheketarekin egoera hobetzen eta normaltzen den txertoa iritsi arte. Bitartean, baheketa hau baliagarria izan daiteke intzidentzia-tasa jaisteko”.

“Baita fokua non dagoen zehazteko eta asintomatikoak atzemateko ere. PCRa egin dut eta azkar egiten da, ondo, arazo barik”.

Jesus Mari Zuazubiskar ‘Txosa’:

“Denon artean lagun dezakegu egoera zuzentzen eta intzidentzia-tasa jaisten. Hori onuragarria izango da guztiontzat. Izan ere, tabernak eta jatetxeak itxita daude, pertsonon arteko harremanak mugatuta, mugikortasuna mugatuta,… Horiek baheketarekin zuzendu daitezke”.

“Gainera, ez dakigu norbera asintomatikoa den edo ez, agian jakin barik beste pertsona batzuk kutsatzen dabil, etxeko besteak esaterako. PCR masiboa ere kutsatze-fokoa atzemateko baliagarria izan daiteke”.

“Horiek jakinda, aislamendu batzuk egin beharko dira, kutsatzeak eragozteko. Denon esku dago arazo kaltegarria zuzentzea eta gainditzea”.

Larraitz Mendizabal ‘Larra’:

“Herritar guztiok baheketa egitera derrigortzen ez bagaituzte, eta ondorioz herritar pilo batek ez badu bertan parte hartzen, baheketak ezer gutxirako balioko du, positiboren bat herrian zehar ibiliko delako”.

“Nik azken asteetan hiru PCR egin behar izan ditut: gazteen baheketan, aurreko astean gastroenteritisa izan nuelako eta gaurko baheketan”.

Gorka Aztiria ‘Arku’:

“PCRa egitea ez da proba gogorra, ez da hainbesterako. Ni beldur puntu batekin etorri naiz, baina arkada txiki bat eragin ahal dizu, baina besterik ez”.

Iban Diaz ‘Jefe’:

“Baheketetan herritarren %50 inguruk parte hartu izan du nromalean orain arte, baina beste %50 inguruak ez badu parte hartzen, ez dakit askorako balioko duen, berdinetan egon gaitezke”.

“Baheketa benetan eraginkorra izateko, herritar guztiak bertan parte hartzera derrigortuta egon beharko lukete. Horregatik herritarrak animatuko nituzke PCRak egitera, ea denon artean arazoa lehenbailehen gainditzen dugun”.

“Baheketa orokorrean herritarron arduragabekeriagatik egin behar izan da. Ni saiatu naiz arauak betetzen. Esana ziguten taldeetan ez elkartzeko, mendian taldeka ez ibiltzeko, otorduetan taldeka ez elkartzeko,… baina uste dut horiek herritarrok ez ditugula bete. Hori izan daiteke Arrasateko tasa altuaren arrazoia”.

“Horrelakoak ere beste udalerri batzuetan egingo dira seguruenik, eta ez dakit zergatik han intzidentzia tasa baxuagoa den, baina hemen horrelakoak egin dira. Izan ere, ostalaritza itxi zuten baina tasa ordutik ez da jaitsi”.

“Askok ez dute maskara behar bezala eta beharbestetan erabili, eta gainera batzuk, positibo eman duten arren, ez dute ezer esan eta bizitza normala egiten jarraitu dute, lanean esaterako”.

“Arazo honekin kontuz ibili behar gara herritar guztiok, batez ere etxean adineko pertsonak dauzkagunak”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen