Kale-inkesta: “Zer iritzi duzu aparkatzeko TAO sistema zabaltzeaz?”

0
1364
TAO-OTA

Udalak proposatu du aparkatzeko TAO sistema Erdialde eta San Andres ia osoetan jartzea. Horretarako, gune informatiboak eta eztabaida publikoak antolatu ditu, besteak beste, herritarrek parte har dezaten.

Ramon Azkarate:

“TAO jartzearen aldekoa naiz, erdialdean aparkatzeko arazo oso handia dagoelako. Ni Ferreriasen bizi naiz, bertan zona peatonala dago, eta etxerako errekaduak egiteko ordutegia oso mugatua daukagu”.

“Ondo iruditzen zait haurrak Gazteluondo inguruko ikastetxeetara ekartzeko ordutegiak jartzea. Izan ere, kotxeen joan-etorriak umeentzat arriskua suposatzen dute”.

“Aparkatzeko arazoaren aurrean, Alde zaharreko bizilagunoi alternatiba bat eman behar zaigu. Kontuan hartzekoa da garajea erosteko aukera askorik ez dagoela. Arrasaten gero eta kotxe dabiltza alderik alde”.

“Garraio publikoa indartzen ari gara, urbanoaren zerbitzua oso ona da, eta beraz auzoetatik erdialdera garraio publikoan etortzeko aukerak daude. Orain arte kotxean etortzen dira, eta horrek bertakoei aparkatzea zailtzen digu”.

“Aparkatzeko ordu txarrenak eguerdikoak eta arratsaldeko 18:00ak eta 19:00ak izaten dira. Arazoa konpondu beharra dago, eta horretarako jakin behar da erdialdean zenbat kotxe dauden eta erdialdean aparkatzeko zenbat plaza dauden”.

“Udalak jendeak bere ideiak adierazi ditzan antolatutako ekimena ondo iruditzen zait. Izan ere, arrasatear bakoitzak bere arazoak eta beharrak ditu. Ea horiek kontuan hartuta erabaki egoki bat hartzen den”.

Arkaitz Masip:

“Ni alde nago, kokoteraino nagoelako nire etxe inguruko aparkatzeko leku faltaz. Aukeran, nahiago dut zona hori egoiliarrentzako izatea, eta Udalaren proposamenaren arabera, halakoa izango da”.

“Horren truke ordaindu behar ez izatea espero dut. Hala ere, nahiago dut zerbait ordaintzea orain arte bezala jarraitzea baino (aparkalekua aurkitzeko bueltaka ibiltzea baino). Seguruenik diru eta haserrealdi gutxiago suposatuko dizkit”.

Ugaitz Agundez:

“Arrasateko zona jakin batzuetan aparkatzeko arazoak daudenez, toki horietan TAO jartzearen aldekoa naiz. Doakoa eta mugatua izatea ondo deritzot”.

“Guk etxea herrigunetik kanpo daukagu, eta normalean Ferixalekuko TAO arratsaldez erabiltzen dugu, eta denbora nahikoa ematen du erosketak egiteko. Ordu jakin batzuetan beteta egoten da, normala den bezala, erdialdean baitago eta denok gauzak ahalik eta azkarren egiten dugulako”.

“Hala ere, beharrezkoa da TAO San Andresen ere jartzea? Nik ez nuke esango San Andresen leku falta dagoenik, nahiz eta bazkalorduan eta gauean nahiko beteta egoten den. TAO bertan jartzea auzotarrentzat onuragarria izan daiteke, baina ez horrenbeste auzotarrak ez izan eta bertan aparkatzen dutenentzat”.

“Kontuan hartu behar da Arrasatera milaka pertsona etortzen direla ikastera eta lanera. Horrenbestez, oso garrantzitsua da garraio publikoa. Bilborekiko loturak kaskarrak dira oraindik”.

“Milaka pertsona horiek garraio publikoak erabiltzen ez badituzte, nonbaiten aparkatu beharko dute euren ibilgailuak. Lekutxoren bat aurkituko dute. Hori ere aintzat hartu beharra dago”.

“Bilboko TAO sufritu izan dut, eta azkenean horretara ohitzen zara, ohiturak aldatuta”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen