Kale-inkesta: “Zer deritzozu Sortu eta EH Bilduren adierazpenari?”

0
1641

Igor Urizar, Pili Iriarte, Igor Gordobil eta Tono Caamañok parte hartu dute gaurko inkestan.

Ezker subiranistak atzo adierazpena egin zuen, eta erabaki historiko horren inguruan galdetu diegu herritarrei. Hona hemen jaso ditugun erantzunak:

Igor Urizar:

“Nolabaiteko aitortza bat da, nire iritziz une historiko batean erabaki egokiak ez ziren hartu. ETA ez da beti berdina izan bere historian zehar, PNVko gazteditik sortutako erakunde bat izan zen”.

“Hainbat asanblada eta zatiketa izan zituen, eta ibilbide horretan herri-zilegitasun bat izan zuen, Carrero Blancoren hilketaren garaian esaterako. Bai Euskal Herrian, bai Euskal Herritik kanpo, babes handia zuen”.

“Baina ondoren gainbehera oso militarizatua hartu zuen, eta erabakiak ez ziren asanbladetan hartzen, buruek hartzen baitzituzten. Hortik aurrera Herriaren eskaerarekiko aldendu zen”.

“Estatuak ere ezker abertzalea polizialki eta politikoki zapaldu du, eta porrot egoera batera iritsi gara. Orain ezker abertzalea tesi berriak bilatzen dabil”.

Pili Iriarte:

“Nire ustez atzoko aurrera pausoak garrantzi itzela dauka, eta harridura handia eragin zidan batzuek EH Bilduri gehiago exijitzea, biktima ugariri oraindik biktimatzat izendatu ez direnean”.

“Exijentzia hori ez da serioa eta Iturgaitzek esate ‘nazka’ eragiten diela… Mundua hankaz gora dago. Biktimak bi aldeetan daude, eta hipokrita da biktima ugariri izaera hori ukatzea, eta gainera EH Bilduren inguruaren aurrera pausoak ez onartzea”.

“Nire iritziz erabaki guztiz txalogarria da, ausarta, eta jendeak eskatzen zuena hedabideen aurrean adierazi dute. Batzuentzat hori ez al da nahikoa?”.

“Beharrezkoa da hainbeste exijitzen duten horiek ere elkarbizitzaren eta bakearen aldeko aurrera pausoak ematea. Izan ere, gizarte anitz honetan denok elkarrekin bizi behar dugu. Aurrera egiteko, beharrezkoa da umekeriarik ez egitea”.

Igor Gordobil:

“Nik uste aurrerapauso bat dela, eta orain beste aldeei tokatzen zaie aurrerapausoak ematea. Adibidez presoen afera konpon daiteke eta gauza asko lor daitezke”.

“Horretarako, borondate onez jokatu beharko dute, eta aurrerapausorik ematen ez badute, ez da alternatibarik edo biderik izango”.

Tono Caamaño:

“Indarkeria eragingo ez duten hitzak beti izango dira onak elkarbizitzarako”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen