Arrasateko Udalak, hainbat herritarren parte-hartzearekin, aurreikusi du Ospitalearen, Elmako Etxeen eta Aldai inguruan TAO sistema jartzea.

Arantxa Arkauz:
“Baliteke guretzat TAOarekin aparkatzea errazagoa izatea, bestela Arrasaten aparkatzea ezinezkoa da. Edozein domekatan etorrita, nekez aparkatu ahal da, auzo garaietan aparkatu behar”.
“Baliteke txandakako TAOa baliagarria izatea. Oñatin TAO jarri zuten, eta hasieran jendea haserre zegoen, baina denboraren poderioz jendea moldatzen da. Errekauak egiteko, adibidez bankura joateko, TAOarekin aparkatzea errazagoa da, beti dago plazaren bat libre. Lehen hori ezinezkoa zen”.

Iñigo Miranda:
“Oso txarto, adibidez zer zentzu dauka Arrasateko Unibertsitatearen inguruan TAO jartzeak? Ikasleei erraztasunak eman behar zaizkie eta ez zailtasun ekonomikoa jarri. Han, TAO “malgua” da, hiru ordutan doakoa da, baina ikasleek unibertsitatean hiru ordu baino gehiago egin behar dituzte”.
“Era berean, zer zentzu dauka TAO ospitale inguruan jartzeak? Agian anbulatoriora kontsultara datorren pazientearentzat baliagarri izan daiteke, baina egoera bestelakoa da, pertsona bat ingresatuta egotean, familia eta lagunak bisitan etortzean”.
“Donostiako erresidentziako aparkalekuan ordaindu behar da, eta ondorioz pertsona bat ingresatuta izatean, bi egun, hiru egun, astebete,… ordaindu behar da parkinga. Gehiegizkoa da”.
“Arrasatearrek osasun-zentrora oinez etor daitezke, ez ordea Oñatikoek, Bergarakoek, Antzuolakoek, Eskoriatzakoek, Aretxabaletakoek, Elgetakoek,… Gehiegizkoa litzateke hemen TAO jartzea”.
“Hori egingo balitz, behintzat lehenago Debagoieneko Mankomunitatea kontsultatu beharko litzateke. Izan ere, horrek ez dagokio soilik Arrasateko Udalari. Ospitalea eskualde mailakoa da, eta baliteke alde horretatik Arrasateko biztanleek pribilejioa izatea”.

Ines Davila eta Agustin Zaragoza:
“Ez genuen asmo horren berririk, nola jarriko dute TAOa? Langileontzat zein aparkaleku izango dira? Orain aparkatzeko plaza libreak daude, baina TAO jarriko balute, kotxe gehiago aparkatuko lukete Ospitale inguruan”.
“Beharrezkoa da osasun-zentroan lan egiten dugunontzat aparkatzeko doako plaza nahikoak izatea”.
“Pazienteentzat, beren familientzat eta beren lagunentzat TAO eragozpen bat izango dela uste dugu, erraztasun bat baino. Izan ere, pertsona ugari, giza mugikortasun arazoengatik, kotxean etorri behar izaten dute”.
“Baliteke beste zona batzuetan, etxebizitza gehiagoko zonetan esaterako, TAO baliagarria izatea. Izan ere, jendeak kotxea askotan benetako behar barik erabiltzen dugu. Horregatik, herrien erdialdean aparkamendua nolabait erregulatu beharra dago”.
“Donostian erietxean TAO jarri dute eta traba bat da. Zeinentzat da onuragarria? TAO bereziki oztopo izango litzateke larrialdi-zerbitzuetara datozen pertsonentzat. Gogoa senidearen edota lagunaren osasunean izan behar dute, ez TAO tiketaren iraungipenean”.