Kale-inkesta: “Zer deritzozu Osasun Publikoaren egungo egoerari?”

0
514

Rufina, Ouissal eta Karlak gaurko kale-inkestan parte hartu dute. Aste honetan Jaurlaritzako Osasun Sailak iradoki du Lehen Arretan murrizketak ezarriko dituela. Horrek hautsak harrotu ditu.

Rufina Olasagasti:

“Nik esan behar dut ni behintzat ondo atenditu nauela beti. Hori esanda, aurrez aurreko arretaren maila telefono bidezkoa baino hobea da. Bideokonferentzia bidezko arreta? Beno, zerbitzu osagarri bezala ondo deritzot, baita telefono bidezkoa ere, baina aurrezko aurreko arretaren lagungarri gisa”.

“Izan ere, alde batetik, zaila da osasun arazoa jasatean telefonoz medikuari gauzak azaltzea. Eta bestetik, pentsatzen dut ere erantzuna eman behar duenarentzat ere zaila izatea, baliteke datu gehiago behar izatea”.

“Zer iritzi dudan Osasun Sailaren aste honetako adierazpenei inguruan? Beno ba, nik uste pazienteak gehiago mugitu behar badira, hori ez dela jendearentzat abantaila bat. Hori gauzatzen bada, zerbitzua ematen duenari merkeagoa aterako zaio, ziurrenik”.

“Zerbitzuaren kalitateari dagokionez, ez dut uste horrek onurarik ekarriko duen. Guri, etxekooi behintzat arreta ona tokatu zaigu, eta hala izaten jarraitzea nahiko genuke. Guztiei ez zaie halako arreta tokatu, guri behintzat bai, eta hori esan beharra dago”.

Ouissal Amalal:

“Hemen, Euskal Herrian ondo dago, baina alor batzuetan hobetu daiteke. Nik esperientzia txar bat izan nuen mediku batekin, kasu batzuk serioago hartu behar dira, benetan larriak direlako”.

“Baliteke pertsona batzuek euren osasun-arazoa exajeratzea, hau da, arazoa dena baino larriagoa dela esatea. Baina alderantziz ere gertatzen da, eta horrelako kasuetan, mediku batzuek, batzuetan, lan gehiago egin beharko lukete”.

“Batzuetan horren ondorioz kasu larriak eta urgenteak eragin daitezke, baina orokorrean egia esan osasun-arreta ona da”.

Karla:

“Alderdi batzuetan ondo ikusten dut, baina nik uste beste batzuetan hobetzeko tartea badagoela. Ondo dago, beste herrialde batzuen aldean, medikuaren zerbitzua ez duzulako ordaindu behar, une horretan esan nahi dut. Ezta adibidez ebakuntzaren arabera Ospitalean eguneko 1.000 € ordaintzea ere”.

“Alderdi txarretakoak itxaron-zerrenda luzeak dira, eta Buruko Osasunari dagokionez, nik uste ez delako nahikoa psikologo edo psikiatra bakar batek pertsona askori arreta egitea. Beraz, hor ere hobetzeko tartea egon badago”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen