Kale-inkesta: “Zein egun izendatuko zenuke jai egun ofizial?”

0
1477

Maite, Josu ‘Xusti’, Yassine eta Iñakik parte hartu dute gaurko kale-inkestan.

Maite:

“Euskararen Eguna, ezberdintzen gaituen gauza bakarra delako. Nik jaiegun ofizial espainiarrak, inposatutako jaiegun horiek kenduko nituzke, adibidez ‘Pilarica’ delako hori”

“Abenduaren 6a mantenduko nuke baina San Nikolas ospakizun bezala, ez espainiar konstituzioa ospatzeko”.

“Kontuan hartzekoa da ospakizun hau Euskal Herriko bi herritan soilik egiten dela: Arrasaten eta Seguran. Horrelako ohitura eta kultur-altxorrari eutsi egin behar diogu tinko”.

Josu ‘Xusti’:

“Nik printzipioz maiatzaren 9an jarriko nuke, hau da, Faxismoaren Aurkako Garaipenaren Egunean. Izan ere, nik uste azken 100 urteetan izandako gertaera historiko garrantzitsua da, izan ere:”

“Une batean nazismoak mundua menderatuko zuela zirudien, baina ez zen hala izan gerra galdu baitzuten. Errendizio ofiziala maiatzaren 9an izan zen”.

“Jaiegun handienetako bat zen bloke sozialistan. Baina gertaera historiko hau ahazten da, eta berreskuratuko nuke arrisku hori izan zela gogoratzeko, arrisku hori ez baitzen huskeria bat izan”.

“Halaber, abenduaren 3a, Euskararen Eguna ere jaiegun ofizial jarriko nuke. Zentzuzkoa da, Euskal Herriko herrialde guztiak batzen dituen elementu bakarrenetakoa da. Uste dut jende gutxi egongo litzatekeela horren aurka, baina nork jakin”.

“Balizko jaiegun ofizial honek gure errealitatea ospatzeko balioko luke, ikuspegi jaizale eta alaiagoa izateko. Gainera ekimen gehiago egiteko aukera emango luke, jendearentzat egutegiko egun erreferentziazkoagoa izan dadin”.

Yassine:

“Ez daukat lehentasunik baina jaiegun ofizialak beharrezkoak dira. Covidak jaien ospakizunak galarazi edo murriztu ditu, eta gauetan polizia asko ibili da”.

“Orain dela gutxi diskotekak berrirekitzen hasi dira toki guztietan, eta espero dugu lehengo normaltasunera itzultzea, bere falta somatu dugu”.

Iñaki:

“Jaiegun ofizial izendatuko nuke elizarekin zerikusirik ez duena. Urtarrilaren 1a izendatuko nuke betiere elizatik eta gabonetatik aparte, kutsu erlijiosorik gabekoa. Bizitzako fase berri baten hasiera gisa baizik”.

“Nire amandreak [amamak] esaten zuen moduan, ‘Erre pui erre’, iraganeko kontu eskasak uxatze aldera”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen