Kale-inkesta: “Prezioen garestitzea nabaritu duzu poltsikoan?”

0
1296

Saioa, Asier, Fayaaz eta Juan Luisek gaurko kale-inkestan parte hartu dute. Zein produktu garestitu dira? Etorkizunean prezioak merketuko dira?

Juan Luis Elizaran:

“Bai, nik uste batzuek, prezioak garestitzeko, Ukrainako gerra aitzakia bezala hartu dutela. Lehen pixka bat aurreztu genezakeen, orain ezer ez. Orain ez daukagu aurrezteko ahalmenik, eta pentsionistok porrot egitear gaude”.

“Ondorioz, supermerkatuetan marka zuriak erosi behar dituzu, marka onak erosten badituzu, soldatak ez dizu hilabete erdia ere iraungo. Hori da arazoa”.

“Nire iritziz, gobernua gerra aitzakiatzat erabiltzen ari da, eta beste arazo bat politika bera da. Izan ere, diru gehien daukatenek diru gehiago pilatu nahi dute, eta diru gutxien dugunok kinka larrian gaude. Hori da politika”.

“Telebistan ikusi dut enpresak baloreen merkatuetan aberastu direla, baina gero enpresek diote ez daukatela dirurik, eta soldata oso txarrak banatzen dituzte. Hau da, etekinak eurentzat… eta kaka guretzat? Sentitzen dut horrela esatea, baina onartezina da”.

“Irakurri dudan azken albistearen arabera, pentsio altuenak jaitsiko dituzte pentsio baxuenekin orekatzeko. Nik balore altu bat kotizatu badut, niri ezin didate nik kotizatukotik ezer kendu”.

“Nik ez dut aurreikuspen onik sumatzen, politikan dena zaborra da, elkarri mokoka ari dira. Etsigarria da Gaztela-Leongo egoera, baita Andaluziakoa ere. Espero dut Gobernuan gauza bera ez gertatzea, bestela maletak egingo ditut eta Portugalera bizitzera joango naiz”.

Fayaaz Ali:

“Bai, zalantza barik. Nik Frantzian lan egin dut, eta garraiolarien grebaren ondoren, hango hainbat prezio merkeagoak dira hemengoak baino. Nik prezioei erreparatzen diet eta esnea adibidez han ekonomikoagoa da. Espero dezagun denborarekin prezioak merketzea”.

Saioa Jara:

“Bai, erregaiaren prezioan esaterako. Hemengo komertzio gehienek eutsi egin dute argindarraren eta bestelakoen garestitzeen aurrean. Baina, halabeharrez, azkenean ez dute beste erremediorik izan”.

“Okindegiak esaterako apur bat igo behar izan du prezioa, askorik ez. Normala da, labeak funtzionatzeko argindarra behar du. Gainera soldatak ez dira KPIaren neurri berean igo”.

“Horren aurrean, dendei eta negozioei ez diete beste irtenbiderik eman, eta hori nabari da tabernetan ere. Hozkailu kamara piztuta izateko argindarra behar da, eta ondorioz edariak ere pixka bat igo dira. Bada zerbait gobernuak erregaien kontsumoari egindako hobaria”.

Asier Goitia:

“Bai, gasolina izugarri garestitu da. Biok Arrasatetik kanpo lan egiten dugu, kotxea egunero hartu behar dugu eta hilean nabari da”.

“Arazo nagusietako bat da prezioak eta soldatak bat ez daudenean, soldatak ez baitira igo KPIaren igoera handiaren neurri berean. Gainera, produktuen banaketa ere garestitu egin da”.

“Soluzioa zein izan daitekeen? Soluzio zuzenena jendeari dirua zuzenean ematea litzateke, baina enpresek momentu hauetan ez dute horretarako margen nahikorik”.

“Gobernuak erregaien prezioan jaitsiera bat eragin du baina erdi tranpa bat izan da, 20 zentimo horien ordez zergak benetan jaitsi beharko lituzke. Hori eginez gero, neurri eraginkorra litzateke”.

“Kontuan hartzekoa da erregaiek ekonomiako alor askotan eragin oso handia dutela, ez soilik norbanakoan, baita elikagaien garraioan, argindarrean (hemen industria ugari daukagu, eta beraz hemengo industrian ere eragiten du),… Arazoak ez du irtenbide errazik, bestela honezkero hartua lukete”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen