Baheketa gaur hasi da, eta bertan testa egin duten lau arrasatearrekin egin dugu kale-inkesta, Ospitale ondoan. Zergatik erabaki duzu PCRa egitea?

“Nik adibidez alaba bat daukat, eta kolektibo zaurgarrikoa ez naizen arren, nire ingurukoetaz kezkatu beharra daukat, adibidez gurasoetaz. Izan ere, koronabirusa loteria bat bezalakoa da: baliteke zu ez kutsatzea hasieran, baina zure inguruko bat kutsatzen bada gero zu kutsatua izan zaitezke”.
“Tentuz ibili behar dugu denok, eta adituek gazteak PCRak egitera dei egiten badigute, ziur deialdia zentzuzkoa dela”.

“PCRa egitea, prebentziorako neurri moduan, garrantzitsua dela azaltzen dute. Beraz, alde horretatik kolaboratu dut PCRa eginda. Ea laguntzen dugun pandemiako datuak murrizten”.

“Nire ustez PCR baheketa hau derrigorrezkoa da ihes egiten duten Arrasateko asintomatiko horiek atzemateko. Baheketa egokia da, eta asintomatiko horiek harrapatuta, posible izango da eurak etxean geratzea eta horrela gutxiago kutsatzea”.

“PCRa erantzukizunagatik egin dut, deialdia egin zuten, eta PCRa egiteak ez du ia ezer kostatzen. 13 eta 40 urte arteko herritar danoi dei egin digute, eta testa denok egin beharrekoa da”.