Gaurko kale-inkestan Nerea Makazaga, Olatz Fernandez, Ricardo Santa Cristina eta ‘Marmi’k parte hartu dute.
Ricardo Santa Cristina:
“Nik uste batez ere gazteak aterako direla, ziur baietz, eta helduen artean klasikoenek ere hori egingo dute, baina helduen gehiengoa ez da aterako”.
“Gazteek, asteburuetan egiten duten bezala, bihar ere ez dute barkatuko, eta gainera asteburu honetan aitzakia daukate”.
Nerea Makazaga:
“Hasieran bazirudien jendea oro har ez zela kalera aterako, baina nik uste jende ugari ibiliko dela, eguraldia lagun. Gainera, jendea gogotsu dago egunerokotasunetik irten eta zerbait berezia egiteko. Jendeak oro har ziurrenik neurriak hartuko ditu”.
“Iazkoarekin alderatuta, uste dut aurten jende gehiago ibiliko dela, baina hori oraingoz ezin da ziurtatu, bihar ikusiko dugu”.
Olatz Fernandez:
“Uste dut iazkoarekin alderatuta, aurtengoa ezberdina izango dela. Iaz jende ugarik ez zuen jairik hartu lanean, eta nik uste aurten jende gehiagok hartuko duela”.
“Egoerak orokorrean hobera egin du, eta nik uste pertsona askok daukagula Maritxu Kajoin gozatzeko gogoa. Espero dut ezer larririk ez gertatzea eta kutsatzerik ez izatea. Badirudi gaitza nahiko kontrolatuta dagoela, baina nork jakin!
‘Marmi’:
“Nire ustez, kalean ibiliko den jendearen gehiengoa gaztea izango da, eta jende heldua batez ere egunean ibiliko da. Neska-mutilak seguruenik tabernak itxi arte gutxienez parrandan ibiliko dira”.
“Jatetxeetan egin diren erreserba kopurua esanguratsua da aurreikusteko gutxi gorabehera zenbat jende aterako den. Batez ere jende helduari dagokionez”.
“Gu, Basati tabernako langileok, 03:00ak arteko ordutegia beteko dugu. Hori baino lehen, gauean zehar, jendea gehiegi deskontrolatzen bada tabernako atea itxiko dugu giroa baretu arte”.
“Kalean, jende gehiegi ez pilatzearen ardura beste batzuen ardura izango da, ordenaren-indarrak direlakoena”.