Ibai-Arteko denda ugaritan eta Arrasateko beste zenbaitetan kalitatezko produktu asko ohi baino prezio merkeagoan daude erosgai egunotan.
Anabel Ugalde:
“Bai, batez ere arropa eta oinetakoak erosteko. Arrasateko herriko dendetan erosten dut, izan ere, kaleak bizirik nahi baditut, hemen kontsumitu behar dut”.
“Bestela, bertan kontsumituko ez bagenu, kaleak ilun, bizitasun barik eta triste geratuko lirateke. Auzoetan denda oso gutxi geratzen dira, eta pena ematen du”.
“Zentzu horretan joango gara jendeak Amazonen erosten eta erosten badu. Nik argi daukat, herri bizi bat nahi badut, bertako komertzioetan kontsumitu behar dudala, herriari eman behar diodala”.
Mikel Arregi ‘Pollu’:
“Bai eta gainera ohituratzat daukat Gabonen ostean arropa erostea. Zaila izaten da produktu interesgarriak aurkitzea, urtarrilean sobratako arropa dagoelako erosgai, baina beti zerbait aurkitzen dut”
“Batez ere arropa erosten dut, oinetako oso gutxi, zapatillek denbora luzean irauten dutelako. Arrasateko dendetan amak erosten dit arropa”.
Raul Matalobos:
“Erosketak behar dudanean egiten ditut, beherapenak edo ez izan. Behar barik erosiko bagenu, urte osoan erosten egongo ginateke. Hori egitean, erositako produktu asko armairuan geratzen dira, erabili gabe, hautsa hartzen”.
“Arrasateko komertzioetan erosten dut, eta Gasteizera oso gutxitan joaten naiz, urtean bitan gehienez. Ia beti hemengo dendetan erosten dut”.
“Arrasate pixka bat ‘hilda’ dago, denda nahiko gutxi geratzen dira, arrasatearrak arraro samarrak gara, baina beno, ea jendea animatzen den eta denda gehiago zabaltzen diren”.
Kepa Altube ‘Kopi’:
“Hasiera batean ez baina gero, erakusleihoetan begiratzean, konturatzen zara produktu bat beherapenetan gero baino prezio ekonomikoagoan dagoela, eta erostea erabakitzen duzu”.
“Merezi du deskontuarekin erosteak, nahiz eta asko ez aurreztu, baina deskontua ikusgarria, erakargarria eta moda da, beherapenetan erostea ohitura da”.