Justizia bera indarkeriaren biktima guztientzat, besterik ez! [Testua: Juan Ramon Garai]

0
741

Biok ditugu senide erailak. Zure aita, Marcelino, 1934ko urriaren 5ean eta nire aitajauna, Juane, 1936ko urriaren 21ean. Bai batak eta bai besteak Union Cerrajeran egiten zuten lan, zurea Administrazio kontseiluko lehendakari gisa, nirea langilea zen.

1934an, Bigarren Errepublikak 106/1934 auzia ireki zuen 132 arrasatearren aurka, 1934ko matxinadan parte hartu izana egotzita. Deklarazio judizialak irekita, fiskalak bi heriotza-zigor eskatu zituen arrasatearretako birentzat. Sei preso Guadalupeko gotorlekutik Elgetara eraman zituzten lehenik, eta Arrasatera gero. Bat bere buruaz beste egiten saiatu zen, beste bati besoa hautsi zioten, beste bat hilzorian utzi zuten (torturatzaileak izan ziren 1917an enpresako zure aurrekoak Arrasatera ekarritako indar errepresiboaren partaideak, 1916ko greba luzearen ondoren eta kuartela kendu arte, 1979an, birgaitzeko gastu guztiak enpresak ordaindu zituen).

Union Cerrajerako 92 langile kaleratuak izan ziren. 1936ko Amnistiarekin presoak aske gelditu eta lantegian onartuak izan ziren. Baina amnistia jaso arren, frankistek 34ko preso batzuk atxilotu zituzten berriro. Horietako lau 1937an eta 1938an epaitu eta fusilatu zituzten. Union Cerrajerako 611 langile kaleratuak izan ziren 1936ko urriaren 1ean, horietatik 101 emakume.

Hamar urte geroago, fiskalak heriotza-zigorra eskatu zuen beste atxilotu batentzat, Oreja Elosegi diputatuaren hilketan parte hartu izana egotzita. Azken horrek bizirik jarraitu zuen 1950eko otsailaren 28an Martuteneko espetxetik ihes egin zuelako.

Baina badira epaitu gabe erail zituztenak ere, lehena 1934ko urriaren 6an Arrasaten. 1934an preso egondako beste seik, gerran erresistente antifaxistak zirenek, atxilotu ondoren hil zituztenek, gaur egun desagertuta jarraitzen dute. Eta beste batzuk erbesteratu zirelako bizi izan ziren. (Horri buruzko informazio gehiago nahi duenak “Memoria Partekatu Baterantz. Arrasate 1936-1956. Gerra Erresistentzia eta Frankismoa” liburuan aurki dezake).

Juane Bengoa, EAJ eta ELAko militantea, nire aitonari buruz, dakigun gauza bakarra da guardia zibilek espetxeratu zutela, Ondarretako espetxera eraman zutela eta Hernaniko kanposantuaren ondoan hil zutela. Ez dakigu zergatik, epaitu zuten ala ez, baina argi dagoena da desagertuta jarraitzen duela. Ez zen izan bakarra Arrasaten, bertan beste 31 pertsona zibilei berdina pasatu zitzaien 1936ko urrian eta azaroan, horien artean lau emakume eta hiru abade.

Lehenengo bigarren errepublikan eta gero diktaduran, batzuekin justizia egin zen bitartean, ez zen horrela izan besteekin.

Errealitate hori nahita alde batera utzita, Martin Villari babesa ematen dion gutun bat idaztera ausartu zinen, Argentinan Justizia egin ez zedin, ez berarekin, ez bere hurbilekoekin. Jakin badakizu (parte zinelako) Suarezen gobernuan dokumentazio asko desagertu zela une horretan, guk inoiz jakin ez genezan zer gertatu zitzaien gure senideei. Horrek guztiak erakusten du nolako pertsona zaren.

Behin bakarrik, (Diktadura garaian, 1976an) egon gara elkarren ondoan: Union Cerrajerako jangelan zuk bultzatutako batzar batean izan zen. Zu, administrazio-kontseiluko lehendakaria; ni, Sindikatu Bertikaletik kanpo hautatutako langileen ordezkaria. Zure hitzen ondoren eskatu nizun hitz politak alde batera uzteko eta langileen eskaerak onartzeko. Hurrengo egunean Irusta zuzendariak deitu zidan bere bulegora joateko, bere lehen hitza izan zen “comunista de mierda”. Bai, neu orduan LKIko militantea nintzen, komunista. Eta zeuk? Kristau izateaz harro, ez duzu zure erlijioa behar bezala praktikatzen ez badituzu ezkatzen eskubide berberak biktima guztientzat.

EGIA, JUSTIZIA, ERREPARAZIOA, ETA BERRIZ EZ ERREPIKATZEKO BERMEAK PERTSONA GUZTIENTZAT

Juan Ramon Garai
Intxorta 1937 kultur elkartea

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen