Julio Galartaren ondare artistikoa Arrasateren esku geratuko da 631 obraren dohaintzari esker

0
949

Arrasateko Udalak herriko ondare artistikoa handituko duen dohaintza garrantzitsua jaso du: Julio Galarta margolariaren 631 lan eman dizkio herriari Julio Galarta Pintorearen Lagunak elkarteak. Dohaintzak 250.000 eurotik gorako balorazioa du, eta artistaren ibilbide osoko formatu ezberdinetako obrak biltzen ditu.

Legatu hori herritarren eskura jartzeko, “Artistaren begirada” izeneko erakusketa inauguratuko dute ostiral honetan, maiatzaren 15ean, 18:30ean, Kulturateko klaustroetan.

Udalak azaldu duenez, jasotako funtsa azken urteotan Julio Galarta Pintorearen Lagunak elkarteak egindako katalogazio eta dokumentazio lanaren emaitza da. 2011tik hona, artistaren 1.800 dokumentu baino gehiago inbentariatu dituzte. Gainera, dohaintzak Galartaren familiak emandako lanak ez ezik, Begoña Enparantza eta Ana Rosa Bidabururen oinordekoek lagatako obrak ere jasotzen ditu.

Akordioaren bidez, lanen titulartasuna Arrasateko Udalaren esku geratuko da, eta erakundeak obra horiek zaindu eta erakusteko konpromisoa hartu du.

Maider Morras alkateak eskerrak eman dizkie artistaren familiari eta lagun elkarteari egindako ekarpenagatik. Azpimarratu duenez, Julio Galartaren lanek Arrasateko eta inguruko bizimodua, paisaiak eta garaiko herritarren izaera ezagutzeko aukera ematen dute.

Julio Galarta 1917an jaio zen Zizurkilen, baina bi urterekin Arrasatera etorri zen bizitzera, eta bertan garatu zuen bere ibilbide artistikoa. Bartzelonan eta San Jorge Arte Ederren Goi Eskolan trebatu ondoren, bere lanak nazioartean zabaldu zituen, nahiz eta Debagoieneko eta Arrasateko paisaiak izan bere inspirazio iturri nagusietako bat.

Erakusketak bere “kolorearekiko grina” nabarmenduko du, artistaren obraren ezaugarri nagusietako bat. Dohaintza honekin, gainera, Galartaren nahirik handiena bete dela azpimarratu dute: bere legatu artistikoa Arrasateko herriaren esku geratzea, etorkizuneko belaunaldiek haren lana ezagutu eta gozatu dezaten.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen