Julen Otxandiano: “3. Mailako partidu denak borrokatzea da denboraldiko helburua”

0
831

Mondratek, igoera lortu ostean, erronka polita du aurrean. Julen Otxandiano entrenatzaile berria da eta taldeak iazko blokeari eutsi dio.

Aurreko denboraldia borobila izan zen ezta?

Talde ona geneukan, eta igoera faseko lehen 3 partiduetako emaitzak onak izan ez ziren arren, taldeak egoera irauli egin zuen:

Azken 6 partiduak jarraian irabazi genituen, Ligako txapeldunak izan ginen eta 3. Mailara igoera lortu genuen iaz. Klubak lehen aldia du Hirugarren Mailan, eta bere 8 urteko historian 4 igoera lortu ditu.

Zein da Mondrateren helburua 2021/2022rako?

Partidu denak borrokatzea, eta hori egin ezkero, fruituak jasotzen joango gara, salbuespen bat edo beste egon daitekeen arren. Gure helburua da ere sailkapenean ahalik eta goien izatea. Baita mailari eustea ere, zalantza barik.

Zein alta eta baja izan dituzue uda honetan?

Ez du bajarik izan, bloke ona daukagu eta ez dugu aldaketa beharrik ikusten. Kontuan hartzekoa da talde honek lortu zuela igoera, eta beraz berak merezi du Hirugarren Mailan jokatzea.

Alta bat izango dugu, Yoel izeneko jokalari bat gurekin hasiko baita. Futbol 11n jokatu izan du UDAn, txikia eta azkarra da, eta buruz burukoan oso abila. Espero dugu berarekin arerioak gehiago desorekatzea.

Hirugarren Mailako beste taldeak ezagutzen dituzue?

Aurtengo talde gehienak guretzat ezezagunak dira, baina beste batzuk ezagutzen ditugu, adibidez Jarrilleros, gu bezala iaz Hirugarren Mailara igo zirenak. Baita Iurre ere, euren aurka duela urte asko jokatu genuen, baina kontuan hartzekoa da taldeak denboran zehar aldaketa asko izaten dituztela.

Eskoriatza ere ezagutzen dugu, bai gertutasunagatik, baita Euskal Ligan bere aurka jokatu genuelako ere. Oro har, taldeak ezagutzen joango gara.

2021/2022ko lehiaketa sistema bi itzulikoa izango da ezta?

Printzipioz bai, aurreko denboraldian beste sistema bat egon zen, eta 22 partidu inguru jokatu genituen, igoera fasekoak barne.

Denboraldi berrian, ordea, 34 partidu inguru jokatzea aurreikusten dugu. Hirugarren Mailako talde batek, arrazoi ekonomikoengatik, kategoria honetan jokatzeari uko egin behar izan dio. Beraz, 32 partidu izan daitezke, baina momentuz ez da zehaztu zenbat izango garen.

Hainbeste partidu izateak badu abantailarik: Aukera ematen digu denboraldia lasai hasteko, eta hasieran emaitzak onak ez badira, denbora nahikoa izango dugu egoera iraultzeko. Horretarako talde ona daukagu. 2021/2022a distantzia luzeko lasterketa bat bezalakoa izango da.

Jon Zabalak lehen entrenatzaile izateari utzi dio, zein izan da arrazoia?

Aipatu behar da Mondrateko talde teknikoan jarraitzen duela, taldeko bigarren entrenatzaile gisa. Futbol 11ko Jubeniletan hasi da, baina nire ondoan izango da, eta ezin dut bera baino irakasle hoberik izan.

Zenbait entrenamendutara etorri da, analisi lanak egingo ditu, bideoak aztertuko ditu, entrenamenduak prestatzen lagunduko nau,… Beraz, biok talde txiki bat egingo dugu baina partidu batzuetan ni bakarrik jardungo dut entrenatzaile.

Entrenatzaile rola egokitu zait eta poliki-poliki ikasten jarraitu nahi dut. Jon Zabala niretzat irakasle eta eredu onena da.

Zein da orokorrean Julen Otxandiano?

Arrasatearra naiz, 29 urte ditut, eskubaloi jokalaria izan nintzen bertan, eta oro har oso gustuko dut kirola. Mondraten entrenatzaile gisa esperientzia daukat.

Zentzu honetan, aurreko denboraldiaren erdialdean Jon Zabala entrenatzailea laguntzen hasi nintzen. Dena oso ondo gauzatu zen, eta klubak erabaki du nire aldeko apustua egitea, proiektuari jarraipena emanez.

Egia da ez naizela areto futboleko jokalaria izan, baina kirol hau ere ulertu egiten dut eta lehiakorra naiz.

Zelan doa aurredenboraldia?

Oso ondo, ni eskubaloi jokalaria nintzen garaiarekin alderatuta, Mondrateko jokalariek oso gogotsu hasi dute aurredenboraldia. Oso gogor dabiltza, eta gaur lehen lagunartekoa jokatu dugu, 6 eta 2 irabaziz.

Bi aste daramatzagu entrenatzen, eta datorren astean bina entrenamendu eta lagunarteko izango ditugu. Horietako bat Elorrion, ostiralean, hango klubaren aurkezpenean.

Bestea, larunbatean izango dugu etxean, eta bi aste aste barru Ligari ekingo diogu. Beraz, denboraldia jada ate joka dugu.

Zaleek partiduak kiroldegian bertan ikus-entzun ahalko dituzte 2021/2022an?

Pandemiaren ondorioz arauak askotan aldatzen ari dira. Uste dugu, printzipioz, aforoaren %30 erabili ahalko dela. Zaleen presentzia guk klub bezala kudeatu beharko dugu.

Horretarako, Udalarekin bilerarik egin beharko dugu. Zaleak partiduetara etortzeak, gutxi izanda ere, laguntza handia ematen dio taldeari.

Pena izan zen aurreko denboraldiko hainbeste garaipenak eta igoera gure zaleekin bertatik bertara ezin ospatzea. Jakin badakigu Mondrateren zaletuak fidelak direla, eta nahi dugu 3. Mailako esperientzia denok batera bizitzea.

Zerbait gehitu edo azpimarratu nahi duzu?

Mondrate familia bat da, eta denon gogo eta ilusioekin ziur urte polita izango dela. Zaleei adierazi nahi diegu unean uneko egoeraren berri emango diegula, eta euren laguntza espero dugula. Aupa Mondrate!

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen