Testua: Isei Barbero – ART. Argazkia: Julen Barrutia.
Kanpanzar Arrasate Euskal Ligako 1. Mailako talde berria da, horrela erabaki baitu Euskadiko Errugbi Federazioak astelehen honetan –maiatzak 4- kaleratutako ebazpenean. Amaitutzat eman duten denboraldian txapeldunik ez egotea erabaki dute agintariek; igoera eta jaitsieren kasuetan, baina, ligak eten egin ziren momentuko sailkapenak aintzat hartzea adostu dute. Eta, esan bezala, horren arabera Kanpanzar Arrasatek igoerarako txartela eskuratu du.
Balentria honen egileetako bat taldeko entrenatzaile Julen Barrutia da, horregatik bere inpresioak jakin nahi izan ditugu albistea jaso eta gutxira. “Hasiera batean, Federazioak aurtengo ligak nuluak deklaratzea erabaki zuenean ez zitzaidan oso bidezkoa iruditu, honezkero ligako %80a jokatuta zegoen eta lau partidu baino ez baitziren geratzen denboraldia amaitzeko”, adierazi du. Teknikari zuri-moreak bere taldeak egindako lana aldarrikatzen du: “Jokatutako 16 partiduak irabazi ditugu, horregatik moralki txapeldunak sentitzen gara, nahiz eta Federazioak titulu hori ez eman”.
Kanpanzar Arrasate orain direla bi urte jaitsi zen Euskal Ligako 2. Mailara, horregatik Barrutiak onartzen du “gure helburua hasiera hasieratik mailaz igotzea” zela eta, “zorionez, Federazioaren erabaki berri honekin helburua bete dugu”. Datorren urteari buruz hitz egiterakoan, “lehenik eta behin ea irailean lehiatzen hasterik dugun” dio. Izan ere, Covid-19aren osasun krisiarekin ez dago jakiterik egoera zein izango den uda ostean. Berak Mojategiko aulkitxoan jarraituko ote duen galdetuta, ondorengoa erantzuten du: “Ni oso gogotsu nago datorren denboraldiari begira, eta jokalariak ere horrela daudela sumatzen dut, halere, nik jarraitzeko azken hitza Zuzendaritzak dauka”.
Kirol arlora itzuliz, bizitzen ari garen etenaldiak asko kezkatzen du Barrutia: “Kontuan hartu beharra dago martxotik geldirik gaudela, eta irailera arte horrela jarraitzea gehiegizkoa litzateke”. Hala eta guztiz ere, baikor agertzen da, “itxaropena baitaukat, partidurik egon ez arren, gutxi barru behintzat entrenatzen hasteko baimena jasotzeko”. Datorren denboraldia zelakoa izango den galdetuta, “arlo fisikoan oso gogorra” izango dela onartzen du. “Ea aurre-denboraldi txiki bat egiteko aukera daukagun, Euskal Ligako 1. Mailan kontaktuak askoz ere gogorragoak izango baitira”, dio.
Hala eta guztiz ere, eta zailtasunak zailtasun, datorren urteko erronkari begira “itxaropentsu eta gogotsu” daudela dio Barrutiak, “gauzak ahalik eta hoberen egiteko helburuarekin”. Gaineratzen duenez, “argi eta garbi geratu da 2. Mailan onenak izateko gai garela, eta orain gure maila goiko kategorian erakutsi beharra daukagu”. Azkenik, kategoriaz igotzeak ekarriko dituen onuraz gogorarazi nahi du teknikari zuri-moreak: “Ziur nago denboraldia gogorra izango dela, baina gure erosotasun eremu horretatik irtetzeak mesede egingo digu guztioi”.