Julen Barrutia: “Etorkizunari begira anbizioa eduki beharra daukagu, eta jokalari, entrenatzaile zein laguntzaileen kopurua handitu”

0
1519

Testua: Isei Barbero – Argazkia: Julen Barrutia

2020a ezohiko urtea ari da izaten Covid-19aren osasun krisia dela medio eta, testuinguru honetan, errugbiaren mundua ez da salbuespena.  Krisia etortzearekin batera Euskadiko Errugbi Federazioak amaitutzat eman zuen 2019-2020 denboraldia eta, handik aste batzuetara, ebatzi zuen une horretan Euskal Ligako 2. Mailako lider Kanpanzar Arrasate kategoriaz igoko zela.  Talde zuri-moreko entrenatzaile Julen Barrutiak pozik hartu zuen berri hura, eta “merezitakoa” bezala definitu zuen Arrasate Errugbi Taldeko webgunean eskainitako elkarrizketan.  Horretatik jada zenbait aste pasatu dira eta, egoera normalean, honezkero aurre-denboraldia eta ikasturte berrirako planifikazioa esku artean edukiko luke teknikari arrasatearrak.  Esan bezala, baina, Covid-19aren osasun krisiarekin egoera oso bestelakoa da, ezjakintasuna dela nagusi.  

Benetako egoera zein den jakiteko, eta hauteskunde prozesuaren ostean Arrasate Errugbi Taldean izan diren aldaketei buruz berba egiteko, solasaldia izan dugu Barrutiarekin.  Aurreneko galdera derrigorrezkoa da, taldeak jada entrenamenduei ekin ote dien edo ez.  “Momentuz talde entrenamendurik ez dugu burutu, baina astean behin ekintzaren bat elkarrekin egiten ahalegintzen gara, mendira joan, esaterako”, dio.  Gaineratzen duenez, astero-astero “etxeko lanak” bidaltzen die jokalariei, “hauek euren kabuz prestaketa fisikoa etxean egin dezaten”.  

Azken hilabeteak “gogorrak”  izan badira ere, epe motzera begira baikorra da Barrutia:  “Itxaropena daukagu Udalak aste honetan argi berdea ematea Mojategin talde entrenamenduak burutzeko, talde txikietan bada ere”.  Bere esanetan, horrek mesede handia egingo lioke taldeari, “gutxienez astean behin elkartzeko aukera izateak nolabaiteko dinamika hartzea ahalbidetuko bailiguke”.  

Horretaz gain, epe ertainera begira, lan indibidualarekin jarraitzea da bere asmoa, “gehien bat indarra landuz, aurre-denboraldira jokalariak egoera fisiko onenean heltzeko”.  Barrutiaren aurreikuspenen arabera, aurre-denboraldiari abuztuko hirugarren astean ekingo liokete; dena den, gaineratzen duenez, “osasun egoeraren menpe gaude eta Federazioak eta erakundeek esaten dutena bete beharko dugu”.  

Talde entrenamenduak hasteko Kanpanzar Arrasateko entrenatzailea baikortasunez mintzatzen bada,  liga hasierari buruz galdetuta bere aurreikuspenak oso bestelakoak dira:  “Aitortu beharra daukat une honetan nahiko ezkor edo pesimista naizela, ez baitut uste liga txapelketa irailean hasiko denik”.  Hala eta guztiz ere, “ahal den moduan, behintzat, guk aurre-denboraldiari ekingo diogu”, azpimarratzen du.

Hurrengo denboraldiko helburuei dagokienez, Barrutiak uste du “lehenik eta behin iragan ikasturteko dinamikari eustea izango dela garrantzitsua, bai giro aldetik eta baita joko aldetik ere eta, noski, jokalari kopuruari dagokionez ere”.  Iragan denboraldiari begira, jokoaren esparruan taldeak “aurrerapauso nabarmenak” eman zituela uste du Barrutiak, “horregatik izango da garrantzitsua aurten dinamika horrekin jarraitzea, taldeak hazten jarrai dezan”.  

Zuzendaritza berria

Esan bezala, hauteskunde prozesua dela-eta, aldaketez jositako asteak izan dira Arrasate Errugbi Taldearentzat.  Zuzendaritza berrian hartutako ardurekin pozik dago Barrutia:  “Zeregin berri hauekin ezinbestekoa izango da ordu gehiago sartzea, horregatik ikusi beharko dut zelan kudeatzen dudan egoera; denbora gehiago behar izateak dena zaildu egingo du, halere, erronka polita da eta oso gogotsu nago”.  

Kirol arlora itzuliz, helburu nagusia “denboraldi ona” egitea izango dela dio, “beti ere, lehenik eta behin, mailari eutsiz”.   Gaineratzen duenez, “hasierako jomuga horretara helduta, gauzak ondo egiten jarraitzea izango da erronka”.  Helburu hauek guztiak betetzeko taldearen blokea mantentzea “oso garrantzitsua” izango dela dio eta, zentzu horretan, Barrutia “oso baikorra” da.
Ikasturte berrian edukiko dituzten zailtasunengatik galdetuta, teknikari zuri-moreak “osasun egoerak jarriko dizkigunak” azpimarratzen ditu.  “Horren menpe egongo da ganoraz entrenatzeko aukera dugun edo ez, eta horrek, azken finean, izango dugun jokalarien kopuruan eragina izango du, etorkizunari begira nolabaiteko ezjakintasuna sortzen baitu”.  Iazko denboraldian jokalarien kopuru aldetik ondo ibili zirela azpimarratzen du Barrutiak, “eta espero dut aurten bide beretik jarraitzea”.  

Hala eta guztiz ere, Kanpanzar Arrasateko entrenatzaileak “hori unean uneko egoera” dela azpimarratzen du eta, zentzu horretan, berak epe luzera jartzen du begirada:  “Uste dut etorkizunari begira anbizioa eduki beharra daukagula eta, zentsu horretan, bai jokalari eta baita entrenatzaile eta laguntzaileen kopurua handitzea ezinbestekoa da eta bakoitzaren zereginak ondo definitzea”.  

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen