Santa Ageda bainuetxearen inguruko liburua aurkeztu dute AZE-n

    0
    530

    Arrasate Zientzia Elkartearen egoitzan ‘El Balneario de Santa Agueda’ liburua aurkeztu da gaur goizean. Egilea Juan Pedro Valenzuela Doussinague da, bainuetxearen jabea zen Mendia familiaren ondorengoa. Egileak Arrasaten aurkeztu nahi izan du lehenik bere liburua, baina aurrerago Donostian aurkezpen bat egiteko asmoa du.

    Historia-liburua da, eta, egileak azaldu duenez, “Santa Agedako bainuetxeko historia, pasadizoak eta bitxikeriak biltzen ditu, 1825ean ireki zenetik 1897an itxi zuten arte, modu atseginean, eta gainera XIX. mendean murgiltzeko modu bat da.” Informazioa biltzeko lanak 5 urte iraun du, eta, besteak beste, Arrasate Zientzia Elkartearen laguntza izan du. Liburuan agertzen diren 28 argazkien artean Mendia argazki-funtseko AZEk emandakoak daude.

    Liburua hiru helbururekin idatzi da: “bainuetxearen memoria berreskuratzea, jabeen meritua erakustea bainuetxea sortuz, garai hartako zailtasunekin, eta Arrasate eta inguruak balioesten laguntzea. Canovas del Castillok, Sagastak eta Isabel II.a erreginak egindako bisitak nabarmentzen dira.” Valenzuelak, halaber, Canovas del Castilloren hilketa ulertzeko liburu honen garrantzia azpimarratu du, “bainuetxea nola eraikita zegoen eta barruko jarduera ezberdinak nola garatzen” ziren azalduz.

    Egileak nabarmendu duen beste puntu nabarmen bat Gesalibarko uren garrantzi medizinala izan da. “Honaino edonongo jendea etortzen zen, baita Euskal Herritik kanpokoak ere, Erdi Arotik urak hartzera, propietate bereziak zituelako. Garai honetan nahasten da Santa Agedarekiko debozioarekin. Gaur egun, hiru iturriak estalita daude eta ez dago uretara sarbiderik. Gustatuko litzaidake liburuak balio izatea egungo osasun-agintariek haren erabilgarritasunaren azterketa bat egiteko.”

    Bainuetxea 1897an itxi zen, eta 1898an saldu. “Garai horretan, modan jartzen dira itsas bainuak, eta bainuetxeko bisitari gehienek beste leku batzuk aukeratzen dituzte, hala nola Donostia. Miramar Jauregia eraikitzea kolpe handia izan zen bainuetxearentzat.Ç” Hala ere, bainuetxeak Arrasaten izan zuen eragina handia izan zela azaldu du Valenzuelak. “Herria garatzen lagundu zuen eta zerbitzu berriak izaten.”

    Liburua erosteko klikatu hemen.

    ERANTZUN BAT UTZI

    Zure iruzkina utzi, mesedez!
    Sartu zure izena hemen