Juan Leibar “Juanito” hil da gaur gauean

5
3245

Juan Leibar bart hil da Arrasateko bere etxean, 94 urte zituela. Familiko kideek hitz batzuk plazaratu dituzte gaur goizean hedabide hontan: “Herri honetako gizonik garrantzitsuenetako bat desagertu da. Urte askoan lan asko egin du herriaren eta herritarren alde”.

Gesalibar auzoko Elezgarai baserrian jaio zen. Bost urte zituela, Loratoki etxera joan ziren, Ospitaletik gertuago, aitak bertako ortu eta lorak zaintzen zituelako. Aita auzoko Enauzketa (Erenuzketa) baserrikoa zen, eta ama Uribarri auzoko Goiru baserrikoa. Garagartzako auzo-eskolan ikasi zuen seitik hamabi urtera arte.

Gero Eskoriatzako Marianistekin ikastera joan zen, Eskoriatzako Bainuetxean. Marianistekin jarraitu zuen urteetan, ikasketak eta irakaskuntza tartekatuz, hamazazpi urtez. Elorrio, Soria, Madril, Igorre, Iruñea, Suiza, Cadiz eta Marokoko seminario, ikastetxe edota unibertsitateetan ikasi edota irakatsi zuen. Pedagogian Lizentziaduna, 29 urterekin Arrasatera itzuli eta Eskola Profesionalean hasi zen lanean. Jose Maria Arizmendiarrietarekin batera TU-Lankide aldizkaria sortu zuten Eskolan.

Arrasateko ikastolaren sorreran parte hartu zuen, eta Jose Letonarekin elkarlanean Arrasate, Aretxabaleta, Eskoriatza eta Leintz Gatzagako herrien monografikoak idatzi zituen, historia, geografia, pertsonaia ezagunak eta abar aztertuz.

Jose Maria Arizmendiarrietaren aurrenengo biografia idatzi zuen, eta Pedro Biteri Arana (filantropo arrasatearra), eta Angiolillo-rena (Canovas del Castilloren hiltzailea) ere idatziak ditu. Uribarri auzoko Erguin baserriko Mari Lurdes Balzategirekin ezkondu zen. Hiru alaba dituzte.

5 IRUZKIN

  1. Gizon handi bat, ‘profe’n eskolak eman zizkidan. Berataz oroitzapen oso-oso onak ditut. Goian Bego.

Utzi erantzuna María Jesús Vázquez herrero(r)i Erantzuna bertan behera

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen