26 xakelarik parte hartu dute, eta hirugarren postua Arrasateko harrobiko Juanma Ruizentzat izan da. Lehen arrasatearra Asier Etxagibel izan dugu.
Astelehenetik ostiralera jokatu da lehiaketa honen XXI. edizioa, Altamiran, Arrasate-San Andresen egoitzan.
Juan David Becerrak irabazi du lehia, nazio mailako maisu kolonbiarra, 5 partidetatik 5ak irabaziz. Txapeldunordea bere herrikide bat izan da, Fabian Dario Pena Duarte, egun Euskal Herrian bizi dena.
Hirugarren postua Juanma Ruiz Abad-entzat izan da, hain zuzen, Arrasateko harrobian trebatutakoa eta klub honetako bazkide izaten jarraitzen duena. Iaz Bizkaiko txapelduna izan zen.
Arrasate Hiriaren 4. postua txapelketa hau askotan irabazi duen xakelari batentzat izan da, Alejandro Franco Alonsorentzat.
Lehen arrasatearra Asier Etxagibel Larrañaga garagartzarra izan da, eta Arrasate-Arlutzeko beste lagun batzuek ere parte hartu dute edizio honetan:
Txema Hernando Casas, Aitor Alcaide Luque, Esteban Romero Mateo eta Aitzol Lazkano Balanzategi.
Arrasate – San Andres klubeko lehendakariak, Txema Hernandok, baloratu egin du “txapelketa polita eta zirraragarria izan dela. Gainera, urte asko daramatzanez, kontsolidatu egin da”.
Horrek “lan dezente eskatzen digu, baina onena da parte-hartzaileek estimatzen dute, eta gainera gure helburua betetzen dugu”:
“Lehiaketa gogor bat izatea baina ez elite mailakoa. Horrela, Euskal Liga prestatzeko baliagarria da, adibidez Arrasate-Arlutzeko lehen taldearentzat. Gipuzkoako txapelketak prestatzen ere laguntzen du”.