Juan Arzamendi Musika Etxeko obrei dagokien 239.777 euroko abala bereganatzea lortu du Arrasateko Udalak

0
475

Kopuru hori, obra eten, proiektua berriro abian jarri, eta bitarte horretan eraikinean hartu behar izan diren segurtasun neurriak finantzatzera bideratuko du Udalak.


Arrasateko Udalak Juan Azarmendi Musika Etxearen obra egiteko Lurgoien SAU enpresak jarritako abala bereganatzea lortu du: 239.776,54 € dira guztira. Zenbateko hori, obra eten, proiektua berriro abian jarri, eta bitarte horretan eraikinean hartu behar izan diren segurtasun neurriak finantzatzera bideratuko du Udalak.

2020ko apirilean Arrasateko Udalak Lurgoien SAU enpresarekin Juan Azarmendi Musika Etxearen obra-kontratua eten zuen, enpresak, “arazo ekonomikoak” argudiatuz, proiektua “ezin baitzuen” aurrera eraman.

“Berehala”, obra berriro abian jartzeko lanei ekin zion Udalak, eta gauzatu gabe geratu zen obraren idazketa atera zuen lizitaziora lehiaketa publiko bidez. 3 enpresa aurkeztu dira. Behin lana esleituta, enpresa esleipendunak 2 hilabeteko epea izango du amaitzeko dauden “obrak zehazteko”. Lan horrek 54.964,25 euroko aurrekontua du, BEZik gabe, eta lortutako abalaren kontura ordainduko da; beraz, “oraingoz ez da gain-kosturik izan”.

Bukatzeke dagoen obra zatia dokumentu tekniko batean zehaztu ondoren, Udalak lehiaketara aterako du egiteke dagoen obra.

Egoera horrek obrak amaitzeko aurreikusitako epeak “atzeratzea ekarriko du”, eta 2021eko bigarren seihilekoan berriro hastea espero da, baina Udalak obra amaitzeko konpromiso irmoa berretsi du:

“Udal Gobernuak argi du kulturaren eta sormenaren aldeko apustua ezinbestekoa dela. Gure ildo estrategiko nagusienetako bat da: Kulturak eta sorkuntzak ematen dio bizia eta nortasun propio eta bereizia Arrasateri. Kultur jarduera berriei egin nahi diegu lekua, gureak indartu eta sorkuntza lana dinamizatu. Horretarako faktoria garrantzitsua izango da Juan Arzamendi Musika Etxea, ezbairik gabe”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen