Juan Arzamendi Musika Etxearen obrak abian berriz ere

0
238

Testua: Arrasateko Udala. Argazkia: MB artxiboa.

Juan Arzamendi Musika Etxearen obra abian da berriz ere. 2020ko uztailean Arrasateko Udalak aurreko obra-kontratua Lurgoien SAU enpresarekin eten ostean, proiektuan egiteke utzi zituzten lanak aztertu, proiektua bera eguneratu eta obra berria lizitatu da. Construcciones Moyua, SL enpresak burutuko ditu lanak, lehiaketa publikoa irabazi ostean. 3.991.404,78 eurokoa da aurrekontua (BEZ barne). Lanen %45a geratzen da egiteke: obra zibilaren banaketa amaitzea, instalakuntzak orokorrean, zoruak, arotzeria (leihoak, ateak…), fatxadaren akabatuak, sabaiak, hormetako estalgarriak (rebestimendua) eta isolamenduaren zati bat.

Udalak Lurgoien SAU enpresaren abala gauzatu zuen, 239.000 eurokoa, eta zenbateko horrekin obra hauetako gastu gehigarri guztiak ordaindu ditu: obrak geldi egotean eraikina babesteko lanak, fatxadan zegoen estatua gordetzea, jartzeke zeuden leihoak eta proiektuaren berridazketa.

Juan Arzamendi Musika Etxea 2022-2023 kurtsorako zabalik izatea espero du Udal Gobernuak.: “Udal Gobernuak argi du kulturaren eta sormenaren aldeko apustua ezinbestekoa dela. Atzerapena egon da Lurgoien SAU enpresak porrot egin zuelako. Baina egoeraren aurrean udalaren lehentasuna izan da ahalik eta lasterren obra abian jartzea, ahalik eta lasterren herriko eragileei, tartean Goikobalu abesbatza edota Arrasate Musikal, beren jarduna burutzeko espazio egokiak eskaintzeko hainbeste urteren ostean”.

Kulturaren aldeko apustua “irmoa” dela nabarmendu da: “Gure ildo estrategiko nagusienetako bat da: Kulturak eta sorkuntzak ematen dio bizia eta nortasun propio eta bereizia Arrasateri. Kultur jarduera berriei egin nahi diegu lekua, gureak indartu eta sorkuntza lana dinamizatu. Horretarako faktoria garrantzitsua izango da Juan Arzamendi Musika Etxea, ezbairik gabe”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen