Juan Arzamendi Musika Etxea birgaitzeko lanak amaitzeko esleipen lehiaketa berria aurkeztuko da bihar osoko bilkuran

0
411

Bihar, asteartea, aurkeztuko da Juan Arzamendi Musika Etxea birgaitzeko lanak amaitzeko esleipen lehiaketa berria. Arrasateko Udalak gaur goizean emandako prentsaurrekoan proiektuaren egungo egoera azaldu du. Birgaitze lanak 2017ko uztailaren 27an atera ziren lehiaketara, eta irteera prezioa 7.480.518 eurokoa izan zen (BEZa barne). Lurgoien enpresak irabazi zuen lehiaketa, eta 5.550.012,51 euroren truke (BEZa barne) esleitu zizkioten lanak.


Lurgoienek gauzatutako obraren zatia 2.529.431,90 (BEZ barne) izan da 2020ko apirilaren 2ra arte; egun horretan, enpresak obra gelditu zuen eta hartzekodunen konkurtsoa aurkeztu zuen. Bihar aurkeztuko da osoko bilkuran proiektua amaitzeko geratzen diren lanen zatiaren lehiaketa, 4.933.141,49 (BEZa barne) irteera-prezioarekin. “Egindako obraren zatiaren kostuaren eta esleipen berriaren irteera-prezioaren batura obraren hasierako irteera-prezioa baino txikiagoa da. Beraz, obrak gaur egun ez du gainkosturik. “


Gainera, Lurgoien enpresak zuen 236.000 euroko abal udalak berreskuratu du. “Diru horrekin LKSren proiektu berria ordaindu da, eta eraikina sendotzeko eta babesteko lanak egin dira. Bermearekin orain arte egon diren gastu guztiak ordaindu dira. Beraz, proiektuak ez du gainkosturik. “


Halaber, “obra amaitzeko epea 6 hilabetekoa izango da. Hala ere, esleipen-lehiaketa 3 edo 4 hilabetez luzatu ahal izango da, lehiaketara aurkezten diren enpresen kopuruaren arabera.”


Udalak azpimarratu duenez, “Oso albiste ona da proiektua berriro martxan egotea, gertatu den guztiaren ondoren. Ez zitzaigun inoiz gertatu enpresa esleipenduna hartzekodunen konkurtsoan sartzea. Hala ere, obrak aurten jarriko dira martxan, eta legealdi honetan amaituko dira.”


Arrasateko Udalak ere hartzekodunen konkurtsoan parte kaltedun gisa aurkeztu du bere burua. “Proiektua atzeratzeagatik konpentsazio bat eskatzen dugu, aspaldi amaituta egon beharko lukeelako. “

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen