(Publierreportajea) Aurrera jarraitzen dute Aprendices eraikina zaharberritzeko lanek, eta litekeena da Arrasate Musikalek eta Goikobaluk 2022-2023 ikasturtea bertan hastea.
2017an Udalak herritarren parte-hartze prozesu bat antolatu zuen, eta arrasatearrek erabaki zuten eraikinari izena aldatzea: Juan Arzamendi Musika Etxea. Izan ere, izen hau bozkatuena izan zen, herritarrek aurkezturiko 46 proposamenetatik. Juan Arzamendi Arrasate Musikaleko sortzaileetako bat eta lehen zuzendaria izan zen.

Musika-etxea egiteko, 2018ko urrian jarri zen lehen harria ekitaldi sinboliko batean. Ekitaldian, besteak beste, Juan Arzamendiren familiak, Arrasate Musikal eta Goikobaluko kideek, Arrasate Zientzia Elkarteko kideek eta Udalbatzako kideek parte hartu zuten, Maria Ubarretxena alkatea buru.
Eraikina birgaitzeko obren lizitazioa 2016ko martxoan ireki zen, 7.480.518 euroko irteera-prezioarekin. Lurgoien enpresak irabazi zuen lehiaketa, 5.550.012,51 euroko aurrekontuarekin (BEZa barne). Lurgoienek 2.529.431,90 euroko (BEZa barne) lanak egin zituen 2020ko apirilera arte, hartzekodunen konkurtsoan deklaratu eta proiektua bertan behera utzi zuenean. Hala ere, Arrasateko Udalak 239.000 euroko abala berreskuratu ahal izan zuen.

Gainerako obren lizitazioa aurtengo martxoan zabaldu zen, 4.933.141,49ko irteera-prezioarekin (BEZ barne). Lehiaketa Construcciones Moyuak irabazi zuen, 3.991.404,78 euroko aurrekontuarekin (BEZa barne). Obra zibila instalazio orokorrez gain amaituko da, hala nola zoruak, leihoak, ateak, sabaiak eta gainerakoak instalatuz. Lanak 6 hilabetetan amaitzekoak dira. Proiektu teknikoa LKSek garatu du.
Iraganera begira, Unión Cerrajerako Aprendices Eskola 1939ko urriaren 7an inauguratu zen. Lau urteko ikasketa-programa bat eskaintzen zuen, eta ikasturte bakoitzean 12 ikaslerekin abiatu zen. Xedea argia zen: eskolak enpresen tailerretarako teknikariak prestatzea. Hala, Metaleko eta Elektrizitateko Ofizialtza ikasketetarako aintzatespena 1960an iritsi zen.

Lehenengo 20 urteetan, Unión Cerrajera izan zen Eskolaren euskarri ekonomiko bakarra, 1959ra arte ez baitziren Hezkuntza arloko ministerio-laguntzak iristen hasi. Ikasleek hileko soldata bat jasotzen zuten, eta enpresak bakoitzaren kontuan sartzen zuen aurrezki-erakunde batean. Hortaz gain, Gizarte Segurantzan kotizatzen zuen. 1974an eraikina Arrasate Musikali utzi zioten bere jarduera gara zezan. Eraikinaren egoera txarraren ondorioz, azkenean hustu egin behar izan zuten 2007an.
Eraikina birgaitzeko, Javier de la Fuente LKSko arkitektoak eraikinaren esentziari eustearen aldeko apustua egin du. Atondo nagusi bat eta alboetan goiko solairuetara sartzeko bi eskailera jarriko dira, beheko solairuan kokatuak. Gainera, 172 ikuslerentzako edukiera izango duen auditorio bat egongo da.

Lehen solairuan entsegu-aretoak jarriko dira. Bigarren solairuan Goikobalu eta dantza entseguetarako bi areto. Berrikuntza gisa, estalkian bulegoak, informatika gela eta fonoteka estaltzeko, kristalezko egitura bat instalatuko da, baita aire zabaleko errezitaldietarako terraza espazio bat ere.
