Argazkia eta bideoa: Kepa Ormaetxea.
Joxe Iturbe Garai 1933an jaio zen Bedoñako Bidasoro baserrian, ‘Malbe’ liburuak jasotzen duen bezala. Ama auzo bereko Artia (Arteaga) baserrikoa zen eta aita Bidasorokoa bertakoa.
Bedoñako Eskolan ibili zen lehenbizi eta ‘kaleko’ Eskola Publikoan ostean. 10 urte bete orduko artzai zebilen, Kargalekun lan berean ziharduen aitaren ereduari jarraiki.
Joxek 14 urterekin artaldea Degurixara eramateko ardura izan zuen, eta goiko larre horretan artaldea zaindu eta lo egiten zuen.
Denboraren poderioz, lan horri eutsi zion eta “beste batzuek industriari eutsi ziotenean, berak baserri eta artzaintzaren aldeko apustua egin zuen” azaldu digu Joseba Garitaonaindiak, ‘Piloto’ren lagun eta ‘Malbe’ liburuaren egile Maixol Iparragirrerekin batera.
Lehenbiziko sektoreari eutsi zioten “beste lagun batzuek ere, adibidez Muxibarko Joxe Bixente”. ‘Piloto’k auzoko emakumeen indarra azpimarratu izan zuen, ‘Malbe’ liburuak jasotzen duen bezala:
“Auzuen emakume gogorrak izen die, Antzarriartuko Asun, Dominika, Sabina, Etxazuriko Pilar, Urixeneko Boni, Gosamendiko Gregori, Aspobaltzako Josepa… makina bat lan einddakuak die”.
‘Piloto’k nazio mailako Artzai Txakurren Oñatiko I. Txapelketa irabazi zuen ‘Txino’ txakurrarekin batera, 1955eko irailaren 25ean. Orduko kronika batek jaso zuenez, 5.000 lagun inguru elkartu ziren lehiaketa ikus-entzuteko.
“Beti langile umoretsua zen”, baloratu du ‘Garita’k eta “etxeko ateak zabalik zituen, baita Kargalekukoak ere. Hala, bertatik pasatakoak dira makinatxo bat herritar”. “Josu Uribetxebarria gaixo zenean, Kargaleku parez pare ireki zigun”.
‘Piloto’ barik “ezinezkoa litzateke” Malbe liburuaren egitasmoa gauzatzea, eta “Santamas Jaiei ere ekarpen ugari egin zizkien”.
Alabaina, “otsailaren 18an berri triste bat etorri da gurera – adierazi du Joseba Garitaonaindiak – gaur GURE artetik joan zaigulako, Bidesoroko semea, Artzaina, Baserritarra, Euskalduna eta Abertzalea”.
“Tipo bikaina zen, paregabea” azpimarratu du, eta “egunen batean jakingo da zer izan den Kargaleku GURE historian, eta bere izena hizki handiz idatziko da”.
Bedoñarraren heriotzak “kartzelan ere hutsunea utzi du, Maixoli tartean”. Piloto “garai bateko belaunaldiko azkenetarikoa, beti gurekin eramango dugu”.
Familiak Arrasateko Tanatorioan hartuko zaituzte bihar (zapatua) 11:00etatik 13:00etara eta 15:30etik 17:00etara. Joxeren aldeko hileta-elizkizuna Bedoñako Santa Eulalia elizan izango da, bihar arratsaldeko 17:30ean. Doluminak familiari eta gertukoei, Lurrak goxo har zaitzala Piloto.
Gizon aparta benetan! bere bikote Kontxita bezalakoa. Kontxitak ere gutxi dala utzi gintuen, eta bai! asko galdu dugu guztiok baina asko irabazi ere bai, ondo egin dutelako biek gure izanaren transmisio lana eta gure izana mantentzearen aldeko lana. Ezin esan oinorderik utzi ez dutenik! Kontxita eta Joxe asko behar ditu Euskal Herriak. Gora zuek!