Arrasatear honek 30 daramatza txakurrak hezten, eta jarraibide garrantzitsuak azaltzen ditu: “Jabeek ez dute txakurtxoa gehiegitan laztandu behar”, “kalera lasai atera behar dira” eta “paseoan txakurra ez da jabearen aurretik joan behar”. Joxek Lasi txakurrari esaterako susak aurkitzen irakatsi dio.
Bideoak: Joxe Elorza.
Joxe Elorza arrasatearrak azaldu digun bezala “ni jaio orduko nire familiak etxean txakurra zuen. Familian ehiztariak izan gara eta gara, eta beraz sendian beti txakurrak izan ditugu. Niretzat txakurra izatea naturala da”.
19 urterekin txakurrak hezten hasi zen, eta 30 urte daramatza horretan. “Ez naiz horretara profesionalki dedikatu baina Ermuako Txapeldunen ikasi nuen eta txakurren hezkuntzako Eusko Jaurlaritzako titulua daukat, instituzio publikoak homologatutako G61 titulua”.
“Txakurra izatea kotxea izatea (gidabaimena izatea) bezalakoa behar luke: gutxieneko ezagutza batzuk eduki beharko lirateke txakurra izateko”.
Izan ere, “askotan txakurren jabeek ez dakite txakurra nola behar bezala tratatu. Ondorioz, jabe horiek batzuetan, asmo onez, jokaera bat daukate eta hori ez da txakurrantzat ona”.
Horren arrazoietako bat da “jabe askok txakurra humanizatu nahi dutela, gizakiaren psikologiaren arabera tratatzen dituzte, baina txakurrak badu bere psikologia propioa”.
Beraz, “pertsonok ez diogu txakurrari gure bizimodua ezarri behar, ordea, guk bere mundua ulertu beharra dugu. Horretarako, jarraibide batzuk daude, egiteko zailak ez direnak, baina denboran zehar behar direnak”.
“Niregana jabe batzuk etortzen dira bere hiruzpalau hilabeteko txakurtxoarekin, eta adin hori egokiena da pautak barneratu ditzan. Ordea, beste jabe batzuk beranduago etortzen zaizkit, arazoak larriagoak direnean”.
“Normalean txakurtxoak bere bizitzako lehen bi hilabeteak kamadan edo manadan ematen ditu. Normalean aita edota amarekin bizi da, eta armonia batean bizi dira, gurasoak baitira kumeei agintzen dietenak eta kumeak maneiatzen dituztenak”.
Alabaina, “gizakiarekin hartu-emanetan hasten denean, txakurtxoa bere kamadatik ateratzen dituztenean desoreka bat eragiten dio. Gizakiek ez dugu euren psikologia jarraitzen, eta gizakiek behar ez diren gauza asko egiten dituzte”:
“Hasieratik txakurtxoa gehiegitan laztantzen dute pertsonek, eta horrek desorekatzen du, trauma txiki bat eragin diezaioke. Hasiera horietan txakurtxoari ez zaio kasu gehiegirik egin behar”.
Adibidez “bere inguru berriko gauzak usaitzen utzi behar zaio, berarekin presaka ibili barik. Txakurra euren modura maite behar dugu, eta txakurtxoa gustura egoteko orekatuta egon behar da”.
Horretarako, “txakurra orekatuta egoteko, etxean zeinek agintzen duen argi utzi behar zaio, eta bera azkena izan behar da aginte-orden horretan. Bestela, atentzio gehiegi egiten bazaio, txakurrak ez du manadaren estabilitatea izango, eta lidertza irmo bat atzemango ez duenez, berak bere burua lidertzat hartuko du”.
Horrek “arazo asko eragiten ditu. Gainera, lidergoa ez da txakurraren jarrera naturala, sumisioa gustuko du, nahiz eta txakur batzuek lidertzarako beste batzuek baino joera handiago duten”.
“Lidergoa bere bizkar uzten bada, txakurrak etxeko familia osoa zaindu behar duela uste du, berak pertsonok txakurtzat gaituelako. Gainera, txakurtxoak bere burua lidertzat duenean, bere buruak ez du atseden hartzen eta denbora osoan alertan dago (inguruko zaratak direla, inguruko mugimenduak direla,…)”.
Hori guztia “txakurraren hezkuntzako gai garrantzitsuena dela uste dut. Beraz, garbi utzi behar zaio etxean pertsonak liderrak direla”, eta jerarkia orden horretan “bera azkena dela”.
Horregatik, “jabeak nigana datozenean laguntza edota aholku eske, nik txakurra ez dut sakonki aztertzen, ni batez ere jabeetan gehiago fijatzen naiz. Izan ere, jabeak txakurrarekiko jokabidea aldatuko badu, txakurrak beste jokabide bat hartuko du”.
Kasu batzuetan, “etxe batera joan naiz, eta ordura arte txakurra zaunkaka behin eta berriz aritzea, baina ni bertaratzean ixildu da, zergatik? Txakurrak bere inguruko pertsonen egoera animikoa uneoro zein den jakin badakielako. Pertsona guztion energia kaptatzen du”.
“Guk animikoki txakurraren gainetik egon behar dugu, izan ere, txakurra atzematen badu jabea animikoki bere azpitik dagoela, ez da dominatzen utziko. Jabe batzuekin azaldu behar izan diet, txakurra maite duten arren, txakur hori maneiatzeko benetan gaitasunik ez dutela”.
Etxeko txakurren beste ohiko bi arazo dira “txakurrak etxeko objektuak apurtzen dituela eta zaunka aritzen dela denbora luzean. Azken honek bizilagunekin arazoek eragiten ditu”.
Izan ere, “jabeak etxetik kanpo daudenean, txakur batzuk ez dira isiltzen egoten. Zergatik? Txakurrak ahoz espresatzeko bi modu ditu: zaunka edo aginka egitea”.
“Batzuek zaunka etengabean egiten dute, horrela liberatzen direlako, eta beste batzuek etxeko gauzak (altzariak esaterako) apurtzen dituzte, liderrak direla uste baitute”.
Izan ere, “berak uste du etxeko pertsonak zaindu behar dituela, eta pertsona horiek etxetik kanpo daudenean, txakurra oso urduri jartzen da, ezin dituelako babestu. Ondorioz, zaunka aritzen dira edota etxeko gauzak puskatzen dituzte”.
Horren aurrean “nire zeregina da pertsonei txakurra manipulatzen irakastea, eta ondorioz, bere burua lidertzat duen txakurra aginte mailan jaisten da. Hori psikologia da”.
“Lehen akats garrantzitsua da jabeak, etxetik kanpo ibili ondoren, etxebizitzara itzultzean, eta txakurrak saltoka ongietorria ematen dionean, txakurrak bere buruan manada berrantolatzen ari da, hau da”:
“Txakurrak berez manadako animaliak dira, eta manada hori puskatzen denean, lider bat izaten da manada berrantolatzen duena. Etxean beste horrenbeste gertatzen da: pertsona etxetik kanpo egon denean, manada puskatu egin da, baina pertsona etxera itzultzean, manada berriro elkartzen da”.
“Orduan, txakurrak pertsonari saltoka ongietorria ematean, pertsonak kasu (gehiegi) egitea, pertsona gura barik txakurraren ustezko lidertza indartzen dabil”.
Otsoetan oso antzekoa da: “Manada, gauean kobaluzoan lo egin ostean, goizean ehizara irteten dira, eta basurde handi batek otso bat hankaz gora jartzen badu, manada berehala berriro elkartzen da. Otsoek eta beste animalia askok momentua bizi dute, eta manadako buru bat hiltzen bada, berehala berrantolatzen dira eta armonia berreskuratzen dute. Berrantolaketa hori etxeetan lortu behar dugu”.
Bigarren puntu garrantzitsua da “pertsona txakurrarekin paseoan irtetean. Txakurrek tira egiten diete pertsonei, txakurrek pertsonak paseatzen dituzte, zergatik? Txakurra etxetik urduri irteten delako”.
Berarentzat “kalera irtetea ehizara irtengo balitz bezalakoa da. Txakurra kalera lasai atera behar da. Txakurrak berehala somatzen du pertsonak kalera aterako duela. Denok energia gara, eta pertsonak lasaitasunez eta irmo harremandu behar da txakurrarekin”.
Ordea, “jabeak azkarregi haserratzen dira, eta ‘eseri!’, ‘ixildu!’,… oihukatzen diete, baina txakurrak energia horri ez dio kasurik egiten. Berez urduriak diren pertsonak egoera horretan arazo gehiago izaten dituzte. Pertsonak ikasi behar du arnasa sakon hartzen, lasaitzen,… nahiz eta pertsona urduria izan. Laburbilduz, txakurrarekin etxetik lasai irten”.
Joxek, laguntza edota aholkua eskatzen dieten pertsonei, “teoria azaltzen diet eta gero praktikara eramaten dugu. Jabe batzuk ondo hasten dira eta ondo jarraitzen dute. Beste batzuek ondo hasi baina gero ez dituzte jarraibideak betetzen eta berriro laguntza eskatzen didate”.
Hirugarren puntu garrantzitsuena da “paseoa nola egin. Paseoan txakurra pertsonaren aldamenean edo atzean joan behar da”. Izan ere, “aurretik baldin badoa, manada lideratzen doa, eta berak agintzen du”.
Janariari dagokionez, “nik 7 txakur ditut eta ni liderra naizenez, lehena jaten ni naiz. Eurak jarrita itxaroten egoten dira, janaria aurrean duten arren, baina nik jateko agindua eman arte, ez dira jaten hasten”.
Ordea, “txakurrari janaria uzten badiozu, berak gura duenean jango du, eta bere burua lidertzat izango du”.
Era berean, “txakurrentzat oso garrantzitsua da energia gastatzea. Txakurra maitatzeak esan gura du txakurrak asko ibiltzea, energia gastatzea,… horrela orekatuta egongo baita”.
“Txakur bat ez da objektu bat, eta ez da nahikoa goizean txiza egitera ateratzea, txakurra txikia izan arren. Energia handia daukate eta erre egin behar dute, pertsonok bezala. Bestela, estresatuta daude, urduri, frustratuta, eta honela kanporatzen dute: hiperaktibo jokatzen dute, beste batzuek zaunkaka, beste batzuek objektuak apurtzen,…”.
Azaldutako jarraibide horiek behar bezala eginez gero, “arazo larririk ez da izango. Oinarria liderazgoa da, beste hezle batzuek beste metodo batzuk erabiltzen dituzte, baina funtsean oinarrizkoena lidertza da”.
Joxek Arrasateko txakur ugari hezten lagundu du. “Lehen Musakolan harategia neukanean, txakurren jabe asko etortzen ziren aholku edota laguntza eske”.
“Jabe askok jakin badakite txakurra nola tratatu eta zuzen jokatzen dute. Baina beste batzuek ez, eta horiek elkarbizitzan gatazkak izaten dituzte, areago konfinamendu garai hauetan. Txakur bat izateko gutxieneko ezagutza bat izan behar da”.
Hori ikastea “oso komenigarria da txakurtxoa hartu baino lehen, hasieratik gauzak ondo egiteko. Jende askok horrela egiten du”.
Azpimarratzekoa da Joxek ‘Lasi’ txakurrari mendian susak aurkitzen irakatsi diola [bideoak]. “Aurten Eskoriatza inguruan susak dauden 20 leku inguru aurkitu ditu”.
Hori irakasteko metodoa “dirua aurkitzeko, droga aurkitzeko eta beste gauza batzuk aurkitzeko metodoa berbera da. Usaina”.
Joxek jabeei eta txakurrei laguntzeko “normalean ni jabearen arazoa ‘in situ’ aztertu ahal izateko, etxeetara noa: txakurra bere ingurutik ateratzen baduzu bere jokabidea aldatzen du. Arazoa bertatik bertara aztertu behar da”.
Joxerekin kontaktuan jar zaitezke 605 709 575 telefono zenbakian “zure txakurra entzuten ikasteko, berarekin komunikatzen ikasteko eta bere hizkuntza ulertzen ikasteko”.