Josu Zugasti: “Independentzia eta burujabetza barik, euskara ez da gauza izango kanpoko erasoei aurre egiteko”

6
2211

Josu Zugasti arrasatearrak, Filologian lizentziaduna eta Ardatz akademiako irakasle, euskararen historiari buruzko hitzaldia eman du Gaztetxean, Antzinarotik Aro Modernora. Hitzaldia Jaikik eta Euskal Herrian Euskarazek antolatu dute, AGAKOren laguntzarekin.

Zugastik azaldu digu historiaren zati honetan zentratzeko arrazoia: “Printzipioz, euskararen historiaz hitz egiten dugunean normalean zentratzen gara XVII edo XVIII. mendeetatik gaur egunera, batez ere XIX eta XX. mendeetan, tarte horretako gatazka guztiekin eta euskararen aldeko mugimenduekin. Baina garai horretatik zenbat eta gehiago urrundu, ezagutzak gero eta urriagoak dira”. 

Euskararen inguruan dauden topiko asko ere azaleratu nahi izan ditu “hemen neolitotik egon garela, euskara dela Europako hizkuntz zaharrena dela,…. Berez badaude elemento historikoak ikertzeko, euskararen inguruko testuak, baita euskaldunen ingurukoak ere. Azken finean gure herriaren eta gure kulturaren aro oso zabal bat da, hainbat mende batzen dituena, erromatarrak iritsi baino 200 urte baino lehenagotik gaur egunera arte”.

Hitzaldi hau emateko arrazoietako bat euskararen historiari argi izpi batzuk jartzea da. “Jendea bere herriaren eta bere kulturaren historiaren pasarte horretaz kontzientzia dadin. Printzipioz mezu bat argi geratzea nahiko nuke, euskararen historian errepikatzen den elementu baten inguruan, eta da euskara atzeraka joaten dela euskaldunek zenbat eta burujabetza txikiagoa izatean. Ordea, burujabetza hori indartzen denean euskarak zabaltzeko joera dauka. Hori errepikatzen den konstante bat da. Horregatik oso garrantzitsua da jakitea oso lotuta daudela Euskal Herriaren egoera politikoa eta euskararen egoera”. 

Hitzaldiaren hasieran euskarak gaur egun bizi duen egoeraz galdetzeko aukera ere izan dugu.“Momentu honetan bidegurutze garrantzitsu batean gaude, kultura, ekonomia, eta hizkuntzen trasmizioa eraldeketa ikaragarri azkar batean daude, eta inork ez daki oso ondo, norantz joango den hemendik eta 100 urte barru gure sistema ekonomikoa, ezta gure egoera kulturala ere, eta zein hizkuntza berba egingo den hemen. Eta euskarak egitura batzuk behar ditu, nire ustez politikoak eta nazionalak erronka horiei aurre egiteko. Labur esanda, independentzia eta burujabetza barik, independentzia politiko barik, euskara ez da gauza izango kanpotik jasotzen dituen erasoei aurre egiteko”.

Zugastik ere azpimarratu nahi izan du “euskarak ezin duela jarraitu XX. mendean bezala bi telebista katerekin, irrati emisora nazional batekin, zeren eta horrela ez goaz inora. Beste mila tresna behar ditugu, baina euskarak ez dauka egun behar besteko indarrik tresna horiek sortzeko. Babes politikoa behar du, egun ez daukana. Horregatik diot garrantzitsua dela independentzia bezalako helburu bat lortzea”. 

6 IRUZKIN

  1. Estaturik ez duten hizkuntzek ezin dute aurrera egin. Gaurko politikoen ahotik ez da entzuten, garai batean moduan, INDEPENDENTZIA hitza. Botoak galduko ote duten beldur edo…..

  2. Gaur egun, eta zoritxarrez, euskara ez dago ez herritarren lehentasunen artean ezta politikarien lehentasunen artean ere. Deskontzientziatze honen adibiderik argixena gure herriko kaleetan daukogu, nerabe gazteen artean euskaraz entzutea ixa ixa mirarixa bihurtu dala. Euskal guraso peto petoek euren artien gaztelera hutsean berba egiten dabe, eta eredu hau gazteek hartzen dabe erreferentziatzat. Asimilazio fase hontan, euskaldunok jai daukogu

    • Betidanik hola izan da. Heldutasuna heltzean euskara berreskuratzen da. Zergatik? Ez dakit, baina betidanik horrela izan da.

      • Kontzientzia irabaztean berreskuratzen dute batzuk (hein batean) euskara, heldutasunera heltzean. Kontzientzia hori existitzen ez den bitartean, nerabezaroan esaterako, erdaldun bat gai da inguruko 10 euskaldun erdalduntzeko. 10 euskaldun+erdaldun bat=11 erdaldun. Oso arazo larria daukagu, eta kontzientziazioa beharrezkoa da.

        Baina kontzientziazio hori etxean gertatzen ez baldin bada, jai daukagu. Etxean euskararekin harremanik ez baldin badago, jai daukagu. Ikastolek ezin dute gehiago egin, etxetik hasi behar da euskara. Horren kontzientzia ez da behar bezain handia, eta hortik ari da odolusten euskara, hortik ari gara hiltzen.

        Etxean jasotzen ez den hizkuntza maitatu daiteke, batzuek maitatzen duten bezala, baina zailagoa da. Ama hizkuntza erdara duen gehiengo batek euskera ‘ikastolako autoritatearen inposizio’ gisa ikusi dezakete. Hau aldatu ezean, heriotzera goaz zuzen.

        Atzo Berrian publikatua, gai honi lotuta, artikulu bikaina:

        https://www.berria.eus/paperekoa/1986/002/001/2020-11-15/gazteekin-aldatuz-doan-euskara.htm

  3. Euskeraren egoera irauli beharra dago. Euskerak iraultza behar du. Horretarako ezinbestekoa da boterea. 1. Horren konzientzia hartzea, 2. Iraultza hori helburutzat hartzea eta 3.dauzkagun baliabideak horretara bideratzea, gaiak duen garrantzia kontuan izanda…Gaur bihar baino hobeto!

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen