Josu Zubia: ”Debagoieneko Antzerki Plataformaren helburua arte eszenikoak bultzatzea da”

    0
    488

    Proiektu berri hau duela gutxi martxan jarri dute, eta bere inguruan Josu Zubia plataformaren kidearekin hitz egin dugu.

    Nor da Josu Zubia eta nolatan sartu zinen Debagoieneko Antzerki Plataforman?

    Oñatiar kultugile, pailazo eta Debagoieneko Antzerki Plataformako kide naiz, baita Irazan Antzerki Guneko sortzaile eta kide ere. Debagoiena 2030 plataformatik elkarrizketa bat egiteko gonbita jaso genuen, eta hortik dator Debagoineko Antzerki Plataforma martxan jartzea.

    2017an lehenengo ahalegina egin zen bailarako zenbait antzerki eragile elkartu ginelako, baina denbora eta baliabide faltagatik, ez zuen eragiteko ahalmenik. Orain Debagoiena 2030 ekimenari esker lortu ditugu urtarrilean hasi eta orain arte proiektu bat idazteko baliabideak.

    Nortzuk osatzen duzue plataforma berria?

    Arrasatetik hasita Doke Antzerki Taldea, Nerea Atxa, Jon Zubiaga, Apropos Sormen Iturri elkartea, Irazen Antzerki Gunea eta Jardun Euskara elkartea Bergaratik. Azken finean bailarako antzerki eragileak.

    Zein da Debagoieneko Antzerki Plataformaren helburua?

    Helburu nagusia eraldaketa sozialean eragitea da, Kulturatik eta modu estrategiko baten kokatzea kultura horren baitan. Baina horrez gain bailarako kultur eta antzerki mugimendua edo arte eszenikoak bultzatzea, sortzea eta hortik eragitea.

    Sare sozialetan iragarri duzue ikastaro batzuk egiteko asmoa?

    Egia da Debagoieneko Antzerki Plataforma proiektu nahiko osoa dela, baina aurkezpen formala egingo dugun arren, data arrazoiengatik ezagutzera eman dugu DAP formakuntza atala. Hau plataformaren atal bat soilik da.

    Zein izango lirateke plataformaren beste atalak?

    Bost lan-ildo izango ditugu DAP formakuntzatik aparte:

    • DAP sormena
    • DAP bidelagun: aholkutaritza artistikoa eta administratiboa artistei.
    • DAP plazara: plataforman egiten dugun lana herriarekin partekatzeko.
    • DAP komunikazioa: ezinbestekoa da lan guzti hau jendeari heltzeko.

    Aurreratu dituzuen ikastaroen xehetasunak itxita dituzue?

    Asmoa da urte osoko ikastaroak egitea, horrek ez du esan nahi ikastaro trinkorik egongo ez denik. Baina bai, nahiko genuke hurrengo ikasturtean 8 urtetik gorako edozein debagoindarrendako antzerki formaziorako aukerak egotea bailaran bertan.

    Badakigu gainera jendea interesatuta dagoela, baina antzerkiarekin askotan pasatzen den monduan, jendeari beldurra eragiten dio. Hemendik animatu nahi nituzke interesa duten guztiei probatzera!

    Beste gauza bat argi utzi nahiko nuke: Debagoieneko Antzerki Plataforma ez da etorriko Arrasateren kasuan Doke Antzerki Taldea ordezkatzera, berau indartzera baizik.

    ERANTZUN BAT UTZI

    Zure iruzkina utzi, mesedez!
    Sartu zure izena hemen