Aurtengoan ere, bigarren urtez, eguraldi eguzkitsuarekin batera udara begirako jostailuen trukea egiteko aukera eskainiko du Txatxilipurdik: “Udan ere, jolasteko, gozatzeko eta lagunekin ondo pasatzeko baliabide apartak baitira”.
Etxean dauden jostailuei begirada bat bota eta erabiltzen ez dituzuenak beste batzuengatik trukatzeko gonbidapena luzatu nahi dute: “Edonolako jostailuak trukatu ahalko dira, baina uda gerturatzen ari denez, hondartzan edo igerilekuetan erabili ohi ditugun jostailu horiek trukatzea polita izan daiteke: kuboak, palak, eskuare, kometak, urpean jolasteko jostailuak, ureztontziak , hondarretan jolasteko jostailuak, disko hegalariak…”
Jostailuak biltzeko egun bakarra egongo da, beraz, argi ibiltzea komeni da. Maiatzaren 27an, ostiral arratsaldean, Arrasateko gune ezberdinetatik pasatuko da Txatxilipurdiko furgoneta jostailuak biltzen:
- 16:30-17:30ak bitartean Sebero Altube plazan jasoko dira.
- 17:45-18:45ak bitartean Santamarinako ludoteka aurrean.
- 19:00-20:00ak bitartean Arimazubi plazan.
Jostailuen truke, txartelak banatuko dituzte, zenbat jostailu hainbeste txartel: “Txartel hauek jarraian, jasotako jostailu guztien artean gustukoena aukeratzeko baliagarriak izango dira. Ekainaren 3an egongo dira guztiak ikusgai”.- Hauek dira bete beharreko baldintza bakarrak:
- – Jostailuak egoera onean eta osorik egon beharko dira.
- – Indarkeria sustatzen dituzten jostailuak ez dira onartuko ez eta irudi sinbolikoa dutenak ere, tartean pistolak, izan uretakoak edo ez.
- – Sexu bereizketa egiten duten jostailuak ere ez dira onartuko.
Ekainaren 3an, aurrez aipatu bezala, Monterrongo parkean, jasotako jostailuak ikusgai jarriko ditu Txatxilipurdik eta trukea aurrera eramango dugu: “Bertan, jokoak azaltzeko eta elkarrekin jolasteko tartea hartuko dugu. 18:00etatik 20:00etara bitartean egongo gara. Jolas erraldoi batzuk ere eramango ditugu elkarrekin jolasteko eta arratsalde bikaina pasatzeko”.




